Karrikan-ek kaleko arte eszenikoen euskal sorkuntzea bultzatzeko laguntzen deialdia egin dau

Bizkaie! 2022-03-09 10:57   Kulturea

Bilbo, Leioa, Gasteiz, Hendaia eta Antsoaingo udalek sustatutakoa da Karrikan.

Bilbo, Leioa, Gasteiz, Hendaia eta Antsoaingo (Nafarroa) udalek euren indarrak batu ditue barriro, Karrikan plataformearen laguntzen bosgarren edizinoko deialdia egiteko.

Martiaren 25era arte (barikua) zabalik egongo dan deialdiaren helburua da Euskadiko (Iparraldeko eta Hegoaldeko 7 lurralde historikoetan) kaleko arteetan sorkuntza lanak bultzatzea eta lan horreek Pirineoen alde batean eta bestean garatzea.

Karrikan plataformearen helburua da konpainia, talde eta artista barrien edota profesional bihurtzeko bidean dagozanen sorkuntza originalei laguntzea. Espazio publikoan jarduten daben Euskadiko artistei zuzenduta dago. Balio berezia emongo jako kaleko ikuskizunari, nahiz eta onartuko diran arte eszenikoen beste diziplina guztiak be: antzerkia, jantzak, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizunak eta bestelakoak. Halan da be, lehentasuna izango dabe testu bako edo euskeraz egindako ikuskizunek. Azkenik, formatu txikiko edo ertaineko ikuskizunak balorauko dira.

Informazino guztia www.karrikan.eu webgunean dago eskuragarri.

Karrikan plataformako bazkideek aukeratutako proiektua sorkuntza-prozesuan zehar bultzatzeko konpromisoa hartzen dabe, hau da, sorkuntzarako laguntza ekonomikoa emonez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazino laguntzea emonez –konpainiaren beharren arabera–.

Gainera, aukeratutako proiektuak hainbat ekitalditan programauko dira 2023. urtean: Bilboko Kalealdian, Leioako Umore Azokan, Gasteizko KaldeArten, Hendaiako Mai du théâtre jaialdian eta Antsoaingo udako programazinoan.

2022ko deialdiagaz bat egin dabe, bazkide laguntzaile lez, Iurretako eta Arrigorriagako udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jantzaguneak. Baliabideen gune horren helburua da jantza-ekimenak sustatzea eta jantzearen arloan lan egiten daben personei laguntzea.

Aurreko deialdietan aukeratutako proiektuak

Karrikan-en aurreko edizinoan honako proiektu honeek aukeratu ziran: Edén, Arriera bilbotar konpainiarena, objektuen antzerkia, musikea, jantzak eta plastikea buztartzen zituana eta Mikra Berdinki gipuzkoarrena, zirkuko teknikak, monozikloa, oihalak eta akrobazia, kantuagaz eta ahotsagaz bateratzen zituan ikuskizuna. 17 proposamenen artean aukeratu zituen eta euren originaltasuna, gaia, proposamenak egin zituen taldeak eta proiektuaren bideragarritasuna hartu ziran kontuan balorazinoa egiterakoan.

Karrikan-ek hautatutako beste konpainia batzuk ondokoak izan dira: Eva Guerrero konpainia (El fin de las cosas), Amaia Elizaran (Block), Mystérieuses Coiffures konpainia (La leyenda del hombre pájaro) eta Eflirkoa Collectif (Echo).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu