Leah Whitman-Salkin aukeratu dabe Juncal Ballestín Nazioarteko Bekearen 2022ko deialdirako

Bizkaie! 2022-03-09 09:42   Kulturea

Editore independenteak argitalpenaren alderdi kolaboratiboak ditu lan-arlo nagusitzat.

Erretratua: Castello di Rivoli | Ikusi handiago | Argazki originala

Artium, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak sustatzen dau bekea eta helburu bi ditu: Euskal Herriko nahiz nazinoarteko testuinguruko arte feministearen historiografia lantzea eta museoaren programei eta haren bildumeari atxikitako emakumezko artisten eta pentsalarien produkzinoak aztertzea. Danetara, 24 hautagaik beteten zituen aurten deialdiaren baldintzak eta tartean zan Whitman-Salkin. Euskal Herriko artistea, idazle eta pentsalari feministen inguruko ikerketa sakona egiteko proposamena aurkeztu dau bekara, mundu osoko emakumeen eta idazleen ahotsa azaleratzeko proiektu baten barruan. Bederatzi hilebeteko epea izango dau lan hori gauzatzeko eta Artium Museoaren Ikerketa eta Dokumentazino Zentroagaz eta Euskal Herriko artxiboen eta literatura itzulpenaren esparruko profesionalakaz lankidetza estuan jardungo dau.

Juncal Ballestín Nazinoarteko Bekearen Balorazino Batzordea honako kide honeek osotzen dabe: Carmen Gaitán, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluko Artearen Historia eta Ondarea Saileko zientzialari titularra; Lourdes Méndez, EHU/UPVko Antropologia Sozialeko katedraduna; Hilary Robinson, Loughborougheko Unibersidadeko School of Social Sciences and Humanities ikastegiko Feminismo, Arte eta Teoriako katedraduna; Azucena Vieites, artistea; Xabier Arakistain, arte-komisarioa; eta Beatriz Herráez, Catalina Lozano eta Elena Roseras, Artium Museoaren ordezkariak.

Leah Whitman-Salkin historialaria eta editorea Montana argitalpen-proiektuaren aitzindaria da: proiektu horrek liburu sail bat dau oinarri, itzulpen, fikzino, poesia eta saiakera sozial eta literarioari lotua eta konpromiso berezia dau mundu osoko emakumezko idazleakaz eta gaur egun aparteko garrantzia berezia daben obra baztertuakaz. Hain zuzen be, Whitman-Salkinek Juncal Ballestín Nazinoarteko Bekearen lehen deialdira aurkeztu dauen proposamenak ikerketa-lan horren zabalkundea planteetan dau eta azken helburua da Euskal Herriari lotutako egile baten obra bat ingelesera itzultzeko proiektua gauzatzea. Whitman-Salkinen proposamenak Artium Museoko taldeakaz eta Ikerketa eta Dokumentazino Zentroagaz lankidetza estuan ibiltea eskatuko dau.

Leah Whitman-Salkin (Alaska, AEB, 1986)

Editore independenteak argitalpenaren alderdi kolaboratiboak ditu lan-arlo nagusitzat. Haren lanetan, itzulpena, bisualaren eta idatzizkoaren espazioa eta edizinoaren bidez jakitera emoteko prozesua ikertzen ditu. Arlo politikoaren eta poetikoaren nahiz literarioaren eta bisualaren arteko ukipen-guneak ikertzea helburu dauen Montana liburu sailaren sortzaile eta editorea da. Sail horretako lehen lanak (Up Your Ass, Valerie Solanas, eta Custody of the Eyes, Diamela Eltit) laster emongo ditu argitara Sternberg Press britainiar argitaletxeak.

Whitman-Salkin November 28 ekimenaren sortzailekide be bada. Espazio komunitarioei, banaketa alternatiboari eta argitalpen-jarduerei buruzko esperimentu bat da November 28, Tiranako (Albania) liburu-dendea eta irakurketa-areto batean kokatua. Hantxe antolatzen dau, beste zenbait lankidegaz batera, Radical Sense irakurketa-talde feministea, 2018tik astero alkartzen dana. 2016an, Veneziako Arkitekturako Bienaleko Albaniaren Pabiloiaren komisarioa izan zan, Simon Battisti eta Åbäkegaz batera eta hor proponidu eban itzulpenari, musikeari eta espazio emotiboei buruzko argitalpen-proiektu bat. 2013tik 2019ra Harvard Design Magazineko editorearen ondokoa izan zan eta, aurretik, Sternberg Presseko editore.

Leah Whitman-Salkin Artearen Historiako lizentzia eskuratu eban Bard Collegen eta hor ikertu zituan artista-taldeak eta demokrazia erradikala. 2017an, egoitzea egin eban Stokholmeko Iaspis programan, Suedian eta 2019anBanffeko Banff Centren, Kanadan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu