'Bozak', musika tradizionala eta modernoa batzeko jarduerea

Bizkaie! 2022-03-09 08:41   Kulturea

Euskal kulturearen bilera honetan 4 emakumek parte hartuko dabe. 

Loraldia Festibalak Euskal Herri osoko kulturea sustatzea dau helburu eta, horregaitik, Bozak izeneko esperientzia digitalaren bigarren edizino honetan iparra eta hegoaren arteko mugearen inguruan barriketaldia egingo da: Lau emakume izango dira protagonista: Maddi Oihenart eta Lide Hernando musikariak, Itziar Ugarte poetea eta Maddalen Arzallus bertsolaria, gidari lanetan. Barriketea martiaren 13an izango da, Bilboko Guggenheim Bilbao Museoan. Ekitaldia streaming bitartez ikusteko aukerea egongo da Loraldia.eus eta eitb.eus webguneetan.

Herri kantak eta rocka bidegurutzean

II. Bozak honetan musikearen mundu bi buztartuko dira: herri kantuak eta rocka. Ikuspegi tradizionala Maddi Oihenartek jarriko dau, 26 urteko esperientzia dauen a capella abeslari zuberotarrak. Lide Hernandok, Liher rock taldeko abeslariak, ikuspegi modernoagoa eta gazteagoa plazaratzeaz arduratuko da.

Ekitaldian artisten eretxiak entzuteaz gan, euren musikaz zuzenean gozetako aukerea be egongo da. Gainera, Itziar Ugartek bere ekarpena egingo dau, publikoari zenbait olerki irakurriz eta gai askoren inguruan berba eginez.

Mundu digitala eta fisikoa buztartuz

Mundu fisikoa eta digitala buztartzen ditu Bozak jarduereak eta streaming bitartez gozetako modua egongo da. Gainera, Itziar Ugarteren presentzia digitala izango da eta barriketaldiaren zenbait momentutan Amaia Ocerinek sare sozialetan komentetan dana konpartiduko dau bideokonferentzia bitartez eta alkarrizketa bat egingo dau beste kide biekaz.

Emakume sortzaile euskaldunak iparra eta hegoari begira

Barriketan gai nagusi bi izango dira: Bata, Bozak-en lehen edizinoari jarraipena emonez, emakume sortzaileen inguruan berba egingo dabe gonbidatuek: zein egoera bizi daben euskal sortzaileek eta emakume izateak zelan eragiten deutsen; zeintzuk diran hareen erreferenteak eta zelan ekiten deutsen sormen prozesuei; zelan bizi izan daben sortzaile izatea...

Eta bigarren aztergaia ipar eta hego Euskal Herriaren arteko hartu-emonak izango dira. Atal honetan beste parte-hartzaile bi sartuko dira zuzenean, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) Johane Etchebest zuzendaria eta euskalzale bat, euren ikuspuntuak eta ekarpen bereziak eginez. Maddalen Arzallus lemazaina izango da eta Itziar Ugarteren ekarpenakaz batera berbaldi berezi eta bakar batez gozetako aukerea egongo da.

Kontuak kontu, Guggenheim Bilbao Museoagaz lankidetzan sortutako jarduerea da, TopARTE programearen esparruan eta Museoaren 25. urteurrenean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu