Arratiak talentua eta barrikuntzea erakarteko gunea izango dau Zulaibarren

Bizkaie! 2022-03-09 08:11   Kulturea

Guneak 3.500 metro koadro hartuko ditu.

Arratiako haranak dinamizazio sozioekonomikorako erakargune barria izango dau datorren ikasturtetik aurrera Zulaibar Lanbide Ikastegiko instalazinoetan, Zeanurin. Eskualdearen lan eta enpresa sustapena eta eskaintzea, LHko ziklo barrien hezkuntza eskaintzea eta ekintzailetzea eta nazioartekotzea biderkatuko ditu eta barrikuntza eta heziketa eskaintza aukera barriak emongo deutsee Arratiako enpresei.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zulaibar ikastegiak berak finantziautako Campus Zulaibar deitutako proiektuak 5,3 miloe euroko aurrekontua dau eta Zulaibarko egungo instalazinoetan kokatuko da, frontoiaren eta aparkalekuaren ondoko guneak erabiliz. Danetara, Campus Zulaibarrek 3.500 metro koadroko lursaila hartuko dau.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputaduak, Joseba Segura Bilboko gotzainak, Xabier Aldama Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegiko zuzendariak eta Iratxe Goikoetxea Errota Fundazinoko koordinatzaileak aurkeztu dabe proiektua: Obrak hasita dagoz eta aurreikuspenen arabera, 2022-2023 ikasturtearen hasieran jarriko da martxan.

Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, campus honek eraldatzeko gaitasuna eta dinamismo ekonomikoa ekarriko deutsoz eskualdeari. Zulaibar campusak lehiakortasun-palanka lez jardungo dau. Zuen guztien laguntzeaagaz, Errota Fundazinoa, udalerriak eta enpresak, benetako talentu eta barrikuntza-poloa izango da. Etorkizuneko fabrikearen eta industria adimendunaren jatorria.

Abangoardiako ekipamendua

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dabenez, Campus Zulaibarrek abangoardiako ekipamendua izango dau talentuaren eta enpresen esku'. Zulaibar Campus barriak galdaragintza fineko tailer aurreratu bat, diseinuko fabrikazino aurreratuko ziklo bat, errendimendu handiko fabrikazinoko tailer konektau bat, Smart Factory 4.0 bat (automatikoko eta robotikako laborategi aurreratua), personen autonomia sustatzeko laborategi bat, balerietako saiakuntza-laborategi bat edo enpresei zuzendutako aproba elektrikoetarako banku bat izango ditu, beste instalazino barritzaile batzuen artean.

Erabilera akademikoa eta enpresariala izango dabe eta, holan, bai egungo zikloetako eta bai ziklo barrietako ikasleei zerbitzua emongo deutse eta erabilgarri egongo dira enpresetarako negozio barriak martxan jarteko, hareen profesionalen espezializazinoa bultzatzeko edo langileen prestakuntza birziklapena sustatzeko be.

Esangura horretan, Campus Zulaibarrek co-working gela bat eta empresen mintegi bat be izango ditu, baita bilera eta bideokonferentzia gelak, lan-aretoak eta hainbat ikasgela-tailer be. Era berean, proiektuak hartu-emonak eta balio-kateak sortuko ditu Arratiako enpresen artean, sortzen dagozan sektoreen bultzadeari eta trakzinoari esker, besteak beste, elektromobikortasuna, baterien fabrikazinoa eta kudeaketea, metalmekanikearen sektorea, sektore elektrikoa/elektronikoa edo sektore soziala, personen autonomia sustatzeko jokera barriak sortzeko eta horrek, aldi berean, Bizkaiko Aldundiaren gizarte-ekintzako estrategia osotuko dau.

Proponidutako helburuen artean, proiektuak aurreikusten dau urtean behin enpresa barri bat martxan jartea eta Arratiako 25 enpresek Zulaibarko instalazinoetan hainbat jarduera barritzaile garatzea. Gainera, irakaskuntzearen arloan, Campus Zulaibarrek, aurreikuspenen arabera, gaur egun emoten diran heziketa-zikloak handitu eta ikasleen prestakuntzea hobetuko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu