Bilboko Udalak bardintasun politikak sendotzeko konpromisoa adierazo dau

Bizkaie! 2022-03-08 13:15   Kulturea

Martiaren 8ko erakunde-adierazpena irakurri dabe.

Bilboko Udalak, gaur goizean, erakunde-adierazpena irakurri dau, EUDEL Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriaren alkarteak proponiduta Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harian. Ekitaldian Juan Mari Aburto alkatea izan da buru eta beragaz batera izan dira Udaleko alderdi politikoetako bozeroaileak.

Bardintasunaren legea barritzea, bardintasunaren aldeko konpromisoa sendotzea goiburuari eutsiz, balioa emon jako Eusko Legebiltzarrak Bardintasunerako 4/2005 Legeari egindako aldaketeari. Bardintasunerako Legearen aldaketa honek bardintasun-politikak sendotzea ekarriko dau eta, beraz, beste pausu bat dakar gizartea bidezkoagoa izan daiten eta gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren bidean, adierazo dau Juan Mari Aburto Bilboko alkateak irakurritako testuan.

Alde horretatik, bada, Bilboko Udalak konpromisoa agertu dau aurrera egiteko bardintasun arloko politiken eta zerbitzuen diseinu eta planifikazinoan; hona zein ekintzaren bidez:

Bardintasun politikak lantzeko ekonomia-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide teknikoak indartuz.

Genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia indartuz bardintasunaren alde eta, orobat, Udalaren sail batzuen eta besteen arteko koordinazinoaren bidez.

Administrazinoko langileen artean bardintasunaren arloko formazinoa sustatuz eta, horretarako, oinarrizko formazino-plan iraunkorra zehaztuz.

Emakumeen kontrako era guztietako indarkeria matxistearen biktimentzako arreta-sistemea handituz, gure eskumenen eremuan; horretarako, indarkeria hori garaiz antzemoteko sistemak hobetuko dira, neurri guztien helburu bihurtuz biktimen eskubideak eta biktimen ahalduntzea; era berean, biktimek kaltea osa garbitzeko daben eskubidea autortuko da.

Aurrera eginez arlo arteko ikuspegia txertatzeko eginkizunean, emakumeen eta gizonezkoen bardintasunaren alde egingo da.

Herritarrak sensibilizauko dira eta, horretarako, bermatuko da herritarrak jaubearazteko erakunde-kanpainak eta programak izango dirala gizonezkoentzat eta umeentzat, baita emakumeak ahalduntzekoak be.

Bardintasunerako eta emakumeak ahalduntzeko neurri guztiak ezartzeko bidean, mobimentu feministearen parte hartzearen alde egingo da eta euren ekarpenak aintzat hartuko dira.

Erakunde-erabakiak, koordinazino-sistemak eta protokoloak eten barik hobetuko dira.

Juan Mari Aburto alkateak, emakumeen eta gizonen bardintasunaren harian, ondokoa adierazo dau: Banakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko lankidetzea da; bakotxak bere eragin-eremutik saiatu behar dau indarrak batzen eta estrategiak alkarren artean ezartzen. Gainera, Aburtok autortu dauenez, oraindino be, gaur dan egunean, bide luzea dogu egiteko emakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasuna lortzeko eta, horregaitik, ezinbestekoa da emakumeen egunean aldarrikapenak egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu