Gurutze Beitia, Josune Urrutia, Afrika Bibang, Edurne Portela eta Nerea Ibarzabal bizkaitarren lana autortu dabe
2022-03-07 07:50 KultureaVI. Bizkaiko Emakume Hautetsien Batzarrean izan da.
Gernikako Batzar Etxea genero-bardintasuna sinbolizetan dauen kolore lilagaz tindatu da VI. Bizkaiko Emakume Hautetsien Batzarra egiteko, kulturaren munduagaz zerikusia daukien Bizkaiko bost emakumeri omenaldia eskeintzeko. Gurutze Beitia Basterretxea aktoreak, Josune Urrutia Asua ilustratzaile eta marrazkilariak, Afrika Bibang abeslariak, Edurne Portela Camino nobelagileak eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak lurraldeko politikarien eta hautetsien autortzea jaso dabe, Bizkaiko emakume guztien ordezkari moduan, bakotxak bere arte-eremutik egindako lanarengaitik eta sormen-ibilbideagaitik: arte eszenikoak, arte plastikoak, musikea, literaturea edo bertsolaritzea.
Gizonen eta emakumeen arteko bardintasunean aurrera egiteko aldarrikapen giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, EUDEL-egaz (Euskadiko Udalen Elkartea) alkarlanean atondutako Batzarra hasi da. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua, Mahaiko kideak eta bost omenduak hemizikloan sartu dira, haretx ostroak eta marra moreak inprimiduta dituan eta askatasuna eta bardintasuna sinbolizetan daben oroimenezko zapiagaz. Barruan zirala, Beti Jai Alai taldeko lau jantzarik, antxinako jantzi eta burukoakaz jantzita, ekitaldiari hasierea emoteko, Desafioa aurreskua jantzan egin dabe, aurreko mendeetan Bizkaiko Batzar Nagusien saioen hasierea marketan eban adarraren soinu tradizionala entzun aurretik. Saioa hasteko, minutu bateko isilunea egin da Ukrainako gerrearen kontra eta biktima guztiei, batez be gatazka beliko horren biktima diran emakumeei, alkartasuna adierazoteko.
Oraindino edukiera txikiagaz (80 persona inguru), Batzar Nagusiak erakundeko burua, oraingoan emakumeek bakarrik beteten zituen heemizikloko jarlekuetara joan da, Emakumeen Nazinoarteko Egunetik hur dagoan urteroko topaketa honetara ondoetorria emoteko. Aurten, emakumeak politikan eta bizitzako ganerako esparruetan daukan presentzia ikusarazoteko balio izan dau, kulturaren munduan batez be, laburbatu dau Ana Otaduik. Emakumeek kulturan izan daben eragina etenbakoa izan da historian zehar, baina ikusezin izaten jarraitzen dogu. Horregaitik, edizino honetan, historian zehar gure kultur ondarearen parte izan diran euskal emakume guztien talentua eta ospea aldarrikatu gura doguz. Aurrerapausu nabarmenak emon diran arren, Otaduiren eretxiz, oraindino asko falta da kristalezko sabai hori apurtzeko, eta oraindino be oztopoak eta gaiztasunak aurkitzen jarraitzen dogu gure proiektuen eta helburuen gailurrera heltzeko.
Ostean, Bizkaiko bost udalerritako bost emakume hautetsik, sensibilidade politiko guztiak ordeztuz (Ane Legarretaetxebarria Aurtenetxe, EAJ-PNV; Itziar Biguri Ugarte, EH Bildu; María José Blanco Gavieiro, PSE; Soraya Pereira Freire, Elkarrekin Podemos; eta Natalia Aranduy Zuazagoitia, PP), EUDELek egindako eta euskal udal guztien babesa dauan Martiaren 8ko Adierazpen Instituzionala irakurri dabe. Aurten, Adierazpena Eusko Legebiltzarrean onartutako Bardintasun Lege barriaren barruan dago eta, holan, emakumeak ahalduntzeko politikak indartzeko tresna estrategikoa izango da, Otaduik gogorarazo dauenez, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana aho batez onartu izanagaz bat datorrela nabarmendu dau.
Igaz Covid-19aren aurrean egindako funtsezko lanakaitik omendutako hogei emakumeen lekukoa aurten hartu daben bost emakumeen esker oneko berbak entzun ostean, Gernikako Arbola abestiaren akordeak entzun dira barriro osoko batzarren aretoan. Iparragirreren abestiaren interpretazinoa Silvia Gutierrez Ortega Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioko irakasle eta kontzertisteak egin dau, Batzar Etxean bertan ikusgai dagoan Urretxuko bardoaren gitarra historikoa joz.
Emakumeen VI. Batzarrari amaierea emoteko, omenduek erretratuaa atara dabe Gernikako Arbolearen ondoan, zinegotziakaz, euskal batzarkideakaz, legebiltzarkideakaz eta lurraldeko politikariakaz batera. Horreen artean honeek egon dira: Itxaso Atutxa Atutxa (EAJ/PNV), Idurre Bideguren Gabantxo (EH Bildu), María Guijarro Ceballos (PSE-EE), Isabel González Rodríguez (Elkarrekin), eta Amaia Aguirre Muñoa (Getxo), Ima Garrastatxu Urbaneja (Durango), Maite Ibarra Goiti (Arrigorriaga), Ainhoa Basabe Meléndez (Sestao) e Irati Gondra Martínez (Mundaka) alkateak.
Gernikako ekitaldian izan dira Izaskun Landaida Larizgoitia Emakundeko zuzendaria, Angela Eguia Liñero EUDELeko Batzorde Eragileko ordezkari eta Gordexolako alkatea, eta Foru Gobernuko ordezkaritza zabala, Lorea Bilbao Ibarra, Ainara Basurko Urkiri eta Teresa Laespada Martínez diputatuak bertan zirala. Hitzorduan egon gura izan dabe, Batzar Nagusiak erakundean taldeen bozeroaile diran Bea Ilardia Olanguak (EH Bildu) edo Eneritz de Madariaga Martínek (Elkarrekin Bizkaia), edo gaur Batzar Nagusietako Mahaian jarri diranek, Begoña Gil Llanosek (PSE-EE), Arantza Urkaregi Etxeparek (EH Bildu) eta Esther Martínez Fernándezek (PP).
Donostiak Gernikako Arbolearen kimua dauka
Donostiako Udalak Gernikako Arbolearen kimu bat landatu dau urian, Araba parkean, hain zuzen be. Eneko Goia alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gobernantza diputadua, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta udal taldeetako ordezkariak izan dira.
Udalak eskaerea egin eutson Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeari, Arbolea jagon eta zabaltzeko ardurea dabenak, 1906ko garagarrilaren 8an garai haretan Urumea pasealekuan Euskal Jaiak zirala eta landatutako kimua berreskuratzeko. Sasoi berean pasealekuak Gernikako Arbola izena hartu eban eta ha kimua 10 urte geroago hil zana, gaur egungo Araba parkean kokatu eben, pasealekuaren amaieran, eta han landatu dabe barriro.
Gernikako Arbolea euskaldunen sinbolorik unibersalena da. Bizkaiko Jaurerriko lehen Batzarrak hartzen zituan haretxa, denporearen porasuz, herri baten eta erakunde batzuen iraupenaren sinbolo bihurtu zan, euskaldunek kolektibidade lez ezagutu dituen gorabehera historikoen aurrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!