Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazinoak alkarlan protokoloa sinatu dau

Bizkaie! 2022-03-04 09:31   Kulturea

2024an izango dan Eduardo Chillidaren jaiotzearen mendeurrenaren harian dator.

Miquel Icetak, Kultura eta Kirol ministroak eta Luis Chillidak, Fundazinoaren Presidenteak, sinatutako dokumentua hasierea da ministerioaren eta Fundazinoaren alkarlanerako, 2024an izango dan Eduardo Chillidaren jaiotzearen mendeurrenaren barruan.

Ministroak nabarmendu dau Kultura eta Kirol Ministerioak Eduardo Chillidaren lana zabaltzen
lagundu nahi dauela, euskaldun unibersala eta azpimarratu dau lankidetzea lagungarria izango dala balio kalkulauezina dauen ondarea guztion eskura jarteko. Azkenik, ministroak Fundazinoaren sentiberatasuna, prestutasuna eta gogoa eskertu deutsoz.

Bestalde, Luis Chillidak momentuaren garrantzia azpimarratu dau: Egiten ditugun lanetarako Kultura Ministerioaren babesa izatea garrantzitsua begitantzen jaku, artearen munduan hain garrantzitsuak diran sinergiak bilatzea.

Fundazioko buruaren eretxiz, protokolo honi esker Eduardo Chillidaren jaiotzearen mendeurrena balioesteko hainbat jarduera abiarazoko dira.

Protokoloaren helburua lankidetzearen baldintza orokorrak ezartzea da, besteak beste, Chillida Lekuren eta Estaduko museoetako bildumei buruzko programa didaktikoak egiten eta jorratzen parte hartzea, nahiz arteari eta kultura garaikideari buruzko hausnarketa bateratuan eta museo erakundeen funtzioan lagunduko daben kultura-jarduerak egitea.

Chillida Lekuren zein Estaduko museoen bildumak be bultzatu nahi dira, baita horreen inguruko kultura-jarduerak be. Gainera, museoaren kultura-ondasunak konserbetan edo iraunarazoten lagundu nahi da, beharrezkotzat joten diren azterlan, tratamendu eta esku-hartzeen bidez, Espainiako Kultura Ondarearen Institutuagaz izan leitekezan lankidetzen bidez.

Edozelan be, erakunde bietako edozeinentzat gastuak dakarzan akordioak sinatzea erakunde bakotxaren bideragarritasunaren eta aurrekontu-erabilgarritasunaren menpean egongo da.

Protokoloak lau urteko indarraldia izango dau eta barritu egin daiteke. Era berean, Jarraipen Batzorde bat sortzea jasoten dau.

Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazinoa

Orain hamarkada bi sortu zan Eduardo Chillida Juanteguiren obra artistikoaren ezagutzan sakontzeko eta haren ikerketa eta zabalkundea sustatzeko. Lan hori Fundazinoak egiten dau, batez be Chillida Leku museoaren programazinoa eta jarduerak lagunduz eta erakusketak, kontzertuak, zikloak, berbaldiak, bekak eta Chillidaren lanari buruzko ikasketen sariak atonduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu