Selma Huxley ikerlari britainiarra Bilbora heldu zaneko 50. urteurrena
2022-03-04 08:54 KultureaSelmaren seme Michael Barkham-ek berbaldia emongo dau Bilbon.
XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan, Selma Huxleyk historialari moduan lan egiten eban Kanadako Lekune Historiko Nazionalentzat Louisbourg berreregiten, hau da, XVIII. mendean, gotorleku eta frantsesen portua izandakoan herrialdeko kostalde atlantikoan. Leku horretako dokumentazino historikoan, Euskal Herriko arrantzaleei buruzko aitamenak topau zituan.
Idatzizko lekukotasun horreen ondorioz, historialariak ikerketa-proiektu propioa sortu eta Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako agiritegietan ibili zan, Kanadan XVI. eta XVII. mendeetan izan ziran makailao eta baleen arrantza ezezagunak aztertzen. Horretarako, gaztelania ikasi behar izan eban eta, 1969an, Mexikora joan zan biziten lau seme-alabakaz eta 1972an –orain dala 50 urte–, zamaontzi batean sartu zan, Bilboko porturako bidean.
Martiaren 10eko berbaldian, Selma Huxleyren semeak, Michael Barkhamek, Cambridgeko Unibersidadeko Geografiako doktore eta ikertzaileak, bere ama eta ikertzaile bikainaren biografia azalduko dau: jatorria, euskal itsasgizonakazko interesa eta ikerketa aitzindariak, agiritegietan, aztarna historiko eta arkeologiko garrantzitsuak...
Selma Huxleyk orrialde argitaratu bakoa idatzi eban munduko itsas-historian, hain zuzen be, euskaldunek XVI. mendean Labradorren eta Quebecen ezarritako eskala handiko lehen balea-industriarena: bertako portuak, baseen aztarna arkeologikoak eta portu hareetan hondoratutako euskal galeoiak, horreen artean San Juan ontzia (1565). Ternuako euskal lekune horreetako bat UNESCOk izentautako Gizateriaren Ondarea da.
Huxleyk, azkenean, arrantza-leku hareek guztiak berrosotu zituan –Kanadako eta Euskal Herriko historiaren kapitulu barria– eta, 1981ean, Kanadako Gobernuak
nazino horren historiari azken urteetan egindako ekarpenik bikainenetakotzat jo eban Huxleyren lana.
Sabino Arana Fundazinoak saria emon eutson 1998ko edizinoan, euskaldunek Ternuan izandako jarduerea ezagutzera emoteko egindako lan zorrotzaren eta egindako
ekarpenaren esker onez.
Michael Barkham (Ottawa, Kanada, 1959)
Geografiako lizentzia atara eban Ternuako Memorial University of Newfoundland izenkoan (espediente akademiko onenaren dominea eskuratuta) eta Cambridgeko Unibersidadean atara eban doktoretzea, Euskal Herriko XVI. eta XVII. mendeetako itsas-historiari buruzko tesia landu eban. Euskal Herriko eta Kanadako XVI. eta XVII. mendeetako itsas-historian aditua da, euskaldunek Ternuan emondako garaia be aintzat hartuta.
Euskaldunek XVI. mendean erabilitako balea-baseak identifiketako helburuz, Labradorrera egindako lehen espedizinoko kide izan zan, Huxley buru zala (1977). Baleazaleen portu horreetako bat, egungo Red Bay izenekoa, hau da, San Juan ontzia hondoratu zaneko lekua, Kanadako Lekune Historiko Nazionala da 1979tik eta Gizateriaren Ondarea 2013tik, Barkhamek Kanadako gobernuarentzat atondutako txostenei esker.
Era berean, aholkulari historiko jardun dau Donostiako Ontzi Museoan, Ingalaterrako Itsas-Museo Nazionalean, Kanadako Ondare Nazionaleko Ministerioan, Ternua eta Labrador probintzian eta Red Bayko Lekune Historiko Nazionalean. 2016an, Euskalerriaren Adiskideen Alkarteko bazkide oso izentau eben.
Bitxikeria legez, Michael Barkhamek Gipuzkoako Probintziako Agiritegi Historikoan, Oñatin, topau eban Kanadan idatzitako dokumenturik zaharrena: Domingo de Luza marinel hondarribiarrak 1563ko maiatzaren 15ean, Ternuan, egindako testamentua da.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!