BilbaoArtek Gin Ro-ren 'El otro lado del jardin' erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2022-03-03 08:08   Kulturea

Udal zentroak 2022an egingo dauen bigarren banakako proposamena da.

BilbaoArte Fundazinoak, Bilboko Udaleko produkzino artistikorako zentroak, 2021ean bekaduna izandako Gin Ro artista mexikarraren «El otro lado del jardín» erakusketearen ateak edegi ditu.

Erakusketa aretoak hiru zatitan banatutako instalazino bategaz beteko da, erretratua, serigrafia eta zeramikea buztartuz, kolonialismoaren ikuspegitik Espainiaren eta Latinoamerikaren arteko hartu-emonak aztertzeko.

Gin Roren lanaren gai nagusia identidadea aldatzea da, hainbat prozesu sozial, ekonomiko eta historikotan oinarrituta, kolonialtasunean eta globalizazinoan. Artista mexikarrak arlo horretan lan egiten jarraitu dau bere egoitzan zehar eta erakusketa honen ia zati material guztia BilbaoArteko instalazinoetan produzidu dau, guneko giza taldearen laguntzeai esker, Saray Pérez artisteagaz eta Federico Pallanido editoreagaz lankidetzan.

El otro lado del jardín erakusketan, Gin Ro-k hiru prozesu artistiko batuz, Latinoamerikearen eta Espainiaren arteko hartu-emonak behatzen ditu, bestearen aurreko imajinario kolektiboaren bidez.

Urazurrutia Aretoan aurkezten dan lehen prozesuak No lugar dau izena eta artistearen subjektibotasunetik garatzen da, estaduan migratzaile latinoamerikarra dan aldetik. Atal honetako pieza nagusia stop motion formatuko bideo bat da.

Bigarren prozesua, Esquejes, erakusketa-aretoan presentzia handiena dauena da eta izenburu bereko proiektuaren parte da. Espainiatik Abya Yalara (Amerika) egindako lehen espedizino zientifikoen artxiboa gurutzatzen dau, latinoamerikar jatorriko migratzaileen eta Latinoamerikatik joandako landareen erretratuakaz.

Europak, lorategi botanikoetarako flora metodo zientifikoaren arabera erakusteak, konserbeteak, sailkatzeak eta erauzteak, espezie, herri eta sistema biziak katalogetako eta berrizentetako eskubidea esleitzea ekarri eban, Yurdeskis Espinosa filosofo karibearrak aitatzen dauen bezela. Proiektu horregaz, migratzaileen autoordezkaritza horizontala eta kolaboratiboa ezartzea da Gin Roren asmoa. Hain zuzen be, erakusketa honen izenburua Esquejes-ek proponiduten dauen hausnarketatik dator, narratiba nagusien irakurketa alternatiboa iradokitzen saiatuz.

Ikusi ahal izango dan azken prozesua Mal de Ojo da, Abya Yala emakumeetan zentrautako instalazino bat, aurreko proiektuko espedizinoen artxibo beretik abiatuta.

Amaiera legez, marioaren 25ean erakusketearen katalogoa aurkeztuko dau artisteak, Federico Pallanidogaz batera argitaratu eta diseinautakoa. Testu nagusia Alba Rodríguez Díazek, arrazakeriaren aurkako idazle feministak, sinatu du. Katalogoa berez funtzionatzen duen argitalpen-pieza gisa pentsatuta dago, eta doan emango zaie ekitaldira bertaratzen direnei.

Gin Ro -Georgina Rodríguez Ayala- (Mexiko Uria, 1986)

Diseinatzaile industriala (UAM-X). 2014tik, erretratugintzearen azterketa teknikoan eta kontzeptualean sakondu dau. 2017an, ohorezko aitamena jaso eban Roberto Villagraz Bekan (EFTI, Madril) eta horregaz egin eban EFTIren Erretratugintza Garaikideko eta Belaunaldiko Proiektu Personaletako Masterra (2017-2018). Gaur egun, Arte Bisualetako Maisutza ikasten dago, erretratugintza espezialidadean, UNAMen (Mexiko).

Gaur egun Bilbon bizi da eta berton egiten dau lan, erretratugintzeagaz beste komunikabide batzuetatik esperimentetan dabilelarik, mobimentuan dagoan irudia eta instalazinoa ardatz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu