Miren Agur Meabe euskaltzain oso izentau dabe
2022-02-25 13:20 KultureaMiren Agur Meabek Xabier Kintanaren hutsartea beteko dau Euskerearen Akademian.
Euskerearen Akademiak euskaltzain barria izentau dau gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egindako Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek botazinoa egin dabe Xabier Kintana emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea beteteko eta Miren Agur Meabek lortu dau Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen dauen gehiengoa.
2021eko urrian, Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako Osoko bilkuran, Akademiak euskaltzain emeritu izentau eban Xabier Kintana euskaltzain oso, izan be, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar ditue euskaltzain osoek. Ondoren, 2022ko urtarrilaren 28an amaitu zan hutsune hori beteteko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu eben euskaltzainek Bilbon egindako Osoko bilkuran —Miren Agur Meabe, hain zuzen be— eta gaurko bilkuran idazle bizkaitarraren aldeko hautua egin dabe euskaltzainek.
Orain, zortzi hileko tartea izango dau euskaltzain lekeitiarrak sarrera-berbaldia idazteko eta erantzunezko idazkia egin behar dauen euskaltzainak berea atontzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo jako.
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962)
Irakasle-ikasketak eta Euskal Filologia ikasi eta irakaskuntzan eta testu-liburugintzan ibili zan urte askoan. Gaur egun, helduentzat nahiz ume eta gazteentzat idazten dau, bai prosa bai poesia be.
Kritikearen saria irabazi eban 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuei esker; eta Euskadi saria hiru aldiz irabazi dau, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan dago eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi eban, Nola gorde errautsa kolkoan lanagaitik.
Baina literatur itzulpengintzan be ibilten da tarteka eta, besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskerara.
Ohorezko autortzen artean, Lauaxeta saria (2007), Rosalia de Castro (2012) eta Deia Hemendik (2015) aitatu behar dira. Era berean, haren testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera be itzuli ditue.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 2006an, ibilbide oparo horren esker onez.
1918tik 2022ra, 95 euskaltzain oso
Gaur egun, 24 euskaltzain oso, 7 euskaltzain emeritu, ia 150 bat euskaltzain urgazle eta 68 ohorezko euskaltzain dagoz Euskaltzaindiak. 95 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izentautakoak.
Ohorezkoei diplomak emotea
Gaurko Ageriko bilkuran, Euskaltzaindiak diplomak banatu ditu ohorezko euskaltzain barrien artean. 2021eko zemendian, 26 ohorezko eta 19 urgazle barri izentau zituan Euskaltzaindiak eta urgazle barriei apirilaren 29an emongo jakez diplomak, Baionan egingo dan ekitaldian.
Ohorezko barriak
Araba / Bizkaia: Antton Aldekoa-Otalora (Iurreta, 1951), Pilare Baraiazarra (Meñaka, 1938), Jesus Eguzkitza (Atxondo, 1946), Juan Luis Goikoetxea (Mungia, 1947), Lontzo Zugazaga (Gamiz, 1943).
Gipuzkoa: Luis Alberto Aranberri Amatiño (Eibar, 1945). Itziar Idiazabal (Gaintza, 1949), Anjel Lertxundi (Orio, 1948), Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio-Itsaso, 1945), Jose Antonio Mujika (Donostia, 1943), Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944), Josu Zabaleta (Legazpi, 1948).
Nafarroa: Manolo Arozena (Goizueta, 1949), Carlos Garaikoetxea (Iruñea, 1938), Maria Pilar Lasarte (Leitza, 1937), Daniel Lopez (Ablitas, 1948), Rosa Miren Pagola (Iruñea, 1949), Pakita Zabaleta (Leitza, 1948).
Ipar Euskal Herria: Piarres Aintziart (Heleta, 1937), Luzien Etxezaharreta (Hazparne, 1946), Daniel Landart (Donoztiri, 1946), Mixel Oronoz (Baigorri, 1935), Marikita Tambourin (Baigorri, 1946).
Euskal Herritik kanpokoak: Bernhard Hurch (Schärding/Inn, Austria, 1955), José Antonio Pascual (Salamanca, 1942), José María Sánchez Txepetx (Cartagena, 1952).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!