San Balendin Zeanuriko Eleizondon, artea neurtu eta kanpaiak eskuz joko ditue

Bizkaie! 2026-02-11 08:47   Kulturea

Zezeilaren 14an, 68 urte beteko ditu artea neurtzearen tradizinoak.

Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea ermitearen inguruan, zezeilaren 14an. Gainera, kanpaiak eskuz joko ditue Pedro eta Jose Antonio Lejarza anaiak, Iñaki Lejarza Andra Mari parrokiaren azken kanpaijolearen semeek.

Jaia ospatzeko egitarau apala, baina, era berean, bitxia atondu dabe eleizondotarrek: kanpaiak eskuz joko ditue Lejarza anaiak, lehengo 11:30ean eta gero 12:00etan eta gura dauanak, kanpai-jotea bertatik bertara ikusteko eta entzuteko aukerea izango dau, kanpantorrera igonda.

Meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan. Santua eleizatik atara, herriko umeak agurra jantzan egingo deutse eta ostean ermitara bidea egingo dau prozesinoak, datorren urtera arte bertan ixteko. Jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutse eta neurketearen aktea sinatu eta gero, orain arteko maiordomoak (Iñaki Lejarza), 2026koari (Igor Intxaurraga) agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Iñaki Lejarza Eleizondo auzoko persona beteranoena da (92 urte ditu) eta bera izan zan parrokiako azken kanpaijolea.

Ondoren barauskarria (urdaia, pamitxea eta ardaoa) banatuko da Eleizondora hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala hirurogeta zortzi urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hogei urte (momentu batean bertan behera itxita egon ostean) berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsiela: Piedadeko artearen neurketea.

Artearen neurketea

Pedro Lejarza eleizondotarraren eretxiz, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan (konbit egunean) batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta (+) arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta ondokoa irakurri daiteke: -La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18-.

Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak (+) egin eban 1999an; papeltxo batean ondokoa idatziz: -Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50-.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Pedro Lejarzak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz gan, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honeri, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Zuhaitzari neurria hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (+) aurduratu zan 2015era arte. Gregorio 2015ean hil egin zan eta 2016an bere lekukoa Igor Intxaurraga eleizondotarrak hartu eban. Ordutik bera da neurtzailea.

Igaz arteari hartutako neurria

Igaz arteari hartutako neurria ondokoa izan zan: 194 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu