XIV. Artistak Egoitzan-ek sei proiektu eszeniko bultzatuko ditu

Bizkaie! 2022-02-25 12:01   Kulturea

Euskal konpainiek eta artistek apirilaren 4ra arte dabe zabalik epea.

Bilboko Udalaren programeak urian arte eszenikoen arloan ikerketak eta barrikuntzea sustatzea dau helburu. Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez, Artistak Egoitzan programearen deialdi barria abiarazoko dau eta parte hartu gura daben euskal konpainiek eta artistek apirilaren 4ra arte dabe zabalik proposamenak aurkezteko epea.

BilbaoEszenak sei arte-proiektu aukeratuko ditu gehienez, proposamen eszenikoak sortu, ikertu eta zabaltzeko.

Deialdi hau Euskadiko artista eta konpainientzat baino ez da (Iparralde eta Hegoalde) eta laguntza mueta bi bereizten ditu: batetik, hasierako fasean dagozan 2.000 euroko proiektuetarako eta, bestetik, garatzeko fasean dagozan 4.000 euroko proiektuetarako.

Aurkeztu eta hautatutako proiektu artistikoaren arabera, gehienez be 25 eguneko iraupena izango daben egoitzak uriko eremu eszenikoetan garatuko dira, ahal bada garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian.

Gainera, hautatutako persona edo konpainiek sormen-prozesuak aurkezteko aukerea izango dabe publiko orokorraren edo sektoreko profesionalen aurrean, bai Bilbao Antzerki Jantza (BAD) Jaialdiaren hurrengo edizinoaren esparruan, bai Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailaren beste programa batzuen barruan be.

Parte hartu nahi daben persona edo konpainia guztiek BAD jaialdiaren webguean topauko daben formularioa bete eta proiektuaren dossierra erantsi, pdf formatuan.

Artistak Egoitzan

Helburu nagusia artistak babestea da, baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak eta akonpainamendukoak), arlo eszenikoetan sormen edo ikerketa-prozesu bat landu nahi daben banakako arte-erakunde edo artista guztiei, eszena barriakaz lotura handiena dabenei, interes espezifikoa eta jakintza-alor anitzekoa dabenei, ardatz nagusitzat antzerkia eta/edo jantzak izanik, betiko diziplinakaz lotutako proiektuak baztertu barik, kaleko antzerkia edo zirkoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu