Gerrako umeek Bizkaiaren omenaldi beroa jaso dabe
2022-02-23 08:03 KultureaGernikako Arbolearen bost kimu emon jakez Errusian landatzeko.
1937ko bagilaren 13an, Gernika bonbardeau eta hilebete eta erdira, 4.330 ume itsasontzian sartu zituen Santurtzin, Frantziako Pauillac portura bidean, Gerra Zibiletik igesi. Handik, talde horren heren bat Lenningradera (gaur egun San Petesburg) eroan zituen. Zenbait protagonistek bueltako bidaia sinbolikoa egin dabe egunotan Gernikako Batzar Etxean Bizkaiko gizartearen omenaldia jasoteko. Helburua bizirik urten eben horreen ordezkariek Gernikako Arbolearen bost kimu eroatea da, faxismoaren kontra burrukatu ziranen memoria historikoagaz oso lotuta dagozan Errusiako hainbat lekutan landatzeko.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak Azucena Fernández eta Victoria Iglesias Martínez neskak gidau ditu Bizkaiko parlamentuaren egoitza ofizialetik, senideak eta Marina Sokolova Kurganoza, Sever - SESBko Gerrako seme-alabak alkarteko presidenteordea bertan zirala. Erakunde horrek bultzatu dau aintzatespeneko ekitaldi txiki hau eta Gernikako bonbardaketeari aurre egin eutson haretxaren oinordekoen eskaera ofiziala egin eban, hain zuzen be, hilebete gitxi barru ume horreek, minez beteta, Santurtzitik urten ebenetik 85. urteurrena beteko danean. Erdiak euskaldunak ziran.
Ekitaldian izan diran hainbat funtzionario errusiar arduratuko dira herrialde haretako agintariek lekualdaketeari oneretxia emoteko egin beharreko gestinoak egiteaz eta faxismoaren kontrako burrukako leku historiko eta enblematikoetan landatzeaz. Kimu bat Moskun haztea aurreikusten da, Poklonnaya Gora Memoria-Museoan, Hitlerren tropen kontra burrukatu eben espainiarrei eta euskaldunei eskinitako kaperearen ondoan. Beste bi San Petesburgera eroango ditue eta Lenningradeko Defensearen eta Setioaren Oroimenezko Estaduko Museoan eta II. Mundu Gerran nazien setioan jausitako burrukalarientzako lekuan egongo dira. Pushkin uriak (Tsarren antxinako herrixkeak) beste ale bat jasoko dau, gerrako emigratzaileak hartu zituen umeentzako etxeen ondoan bizkortu daitezan. Eta, azkenik, Karelia eskualdeko lurrak defendidu zituen espainiarrei eskainitako obeliskoa izango da, tamainuz txikia baina sinbologiari jagokonez handia dan azkenengo zugatxaren helmugea.
Ekitaldi txiki horrek esker ona adierazo gura izan dau, Errusiaren aldetik babesik bako umeei emondako harrera bikainagaitik eta abegikortasunagaitik. Zugatx horreek faxismoaren kontrako burrukearen eta garaipenaren gomutagarri bihurtzea gura dogu, gure heroia goratu, horreetako batzuk Santurtzin ontziratu ziran gerrako umeak izan ziralako eta, batez be, bakearen eta gizateriaren sinbolo bihurtzea Errusiako Federazinoaren etorkizuneko belaunaldientzat, Sever – SESBko Gerrako seme-alabak alkarteak Bizkaiko parlamentuko buruai egindako eskaeran azaltzen dan moduan.
Batzar Nagusia erakundeko buruak be ale horreek Errusian sustraitzearen eta Bakearen Zugatx bihurtzearen alde alde agertu da, Bakearen hazia erne daiten eta edozein gerra-idea baztertuta geratu daiten, esan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!