'Kulturea Sentidu' 100 proposamen baino gehiago dakarzan urteroko agendea

Bizkaie! 2022-02-21 09:28   Kulturea

Bilboko Udalak 8.000 ale argitaratu ditu euskeraz eta gaztelaniaz.

Bilboko Udalak Kulturea urteko 365 egunetan goiburua berreskuratuko dau 2022an. Aurten be, Uriak lehen mailako bertoko eta nazinoarteko kultur proposamenez beteko da, bilbotarren aisialdia kalidadeko jarduera aberasgarriz beteteko.

Kulturea oinarrizkoa da Bilbon eta horregaitik Udalak sendo egin dau gure auzoak kalidadezko proposamenez beteko dituen ekimen kulturalei balioa emoteko. Urtero egiten dogun legez, herritarrek kultur programazino potoloa eta gehienetan, dobakoa izan deien sustatu eta babestuko dau. Ziurbakotasuna da nagusi bolada honetan baina kulturea zuzenean biziteko emozino hori berreskuratzea oinarrizkoa da eta danon artean lortzen gagbiz. Esangura horretan, bilbotarrak kulturea hur sentidu deiela gura dot, gure kale eta barrutietan, 2022 osoan zehar, adierazo dau Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Informazino guztia herritarren eta Bilboko bisitarien eskura egon daiten modu errazean, Udalak Kulturea sentidu agendea argitaratu dau, Uriko kultura-jardueren eta aisialdiaren oinarrizko eduki guztiak batzeko; dokumentu honek, auzo eta espazio kultural guztietan atonduko diran jarduerei buruzko informazinoa batzen dau 50 orrialde ingurutan: antzerkia, zinemea eta musika jaialdiak, literatura lehiaketak eta jardunaldiak, jarduera artistikoak, dibulgazinokoak eta ondarearen sustapenekoak, sorkuntza ikastaroak eta tailerrak.

Urteko katalogo barri hau 10 talde handitan egituratzen da: Arte Eszenikoak; Museoak; Arte Bisualak; Diseinu eta Industria Sortzaileak; Literaturea; Gizartea eta Ezagutzea; Ikus-entzunezkoak; Musikea, Ondarea eta Izakerea; Aisialdi Kulturala eta Hurreko Kulturea.

Arte Eszenikoak. Eszena Laztanduz atalean, uriko espazio eszenikoak, publikoak zein pribatuak izango dira Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, Pabilioi 6 Aretoa, BBK Aretoa, La Fundición, ZAWP edo Zirkozaurre. Atal honetan, BLV - Art, Kalealdia eta BAD lako jaialdiak be badagoz.

Bilboko museoek be badabe atal nabarmena, uriko bizitza kulturalaren eragile diralako eta Bilboren esentzia bera izateagaitik: gure sustraiei eta tradizinoei lotutako museoak, besteak beste, Euskal Museoa, Arte Berreginen Museoa, Eleiz Museoa edo Arkeologia Museoa; eta pinakoteka nagusi biak: Guggenheim Museoa eta Arte Eder Museoa.

Arte bisualei jagokenez, gida honetan hainbat espazio agertzen dira, besteak beste, BilbaoArte Fundazinoa, Rekalde Aretoa edo Azkuna Zentroa, arte garaikideko proposamenen erreferentzia; baita MEM, FIG eta Basquedok lako jaialdi eta ekitaldiak be.

Diseinu eta Industria Sortzaileak: Sorkuntzea Dastatuz atalak Espacio Open, BIAAF edo Bilbao Maker Faire lako ekimenak batzen ditu.

Literatureak, zinemeak eta musikeak espazio nabarmena dabe Kulturea sentidu agendearen barruan: Asko dira Bilbok diziplina horreek tarteko dituela programetan dituan jarduerak.

Bilbok Udal Liburutegien Sarea, Bidebarrieta Kulturgunea, BilbaoPoesía, Gutun Zuria edo JA! Bilbao jaialdiak, FANT eta ZINEBI, Gizazinea, Caostica edo BBK Mendi Film Fest lako erakusketak, “Musika. Arima entzunez”, Musika Música, Bilbao BBK Live, Bilbao Ars Sacrum... Bilborock Aretoa, Kafe Antzokia, Sociedad Filarmónica, Bilboko Koral Alkarteak, BilbaoMusika eta Bilbaina Jazz Club.

Hurreko kultureari jagokonez, ondokoak nabarmendu daitekez: Bilbao Distrito Escénico, kale antzerkia, magia, zirkua eta klown-a, Bilbao Distrito Musical, abesbatzen kontzertuak, ikastaroak, zikloak, Kultur Gabonak eta Bilbao Distrito Ocio, auzoak agertoki nagusi dirala, kulturea eta aisialdiko ekitaldiak eskaintzen dituan programa urteko 365 egunetan.

Bilboko Udalak 8.000 ale argitaratu ditu euskeraz eta gaztelaniaz eta doban banatzen hasi dira Udaltegietan, Udal Informazinoko Bulegoetan, liburutegietan, alkarteetan eta bestelako gizarte, kultura eta hezkuntza-ekipamenduetan. Modu digitalean be udal webguneetan deskargau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu