'Haziak eroan' euskal aratusteetako elementuak irudikatzeko
2022-02-18 10:21 MusikeaBilboko Udal Txistulari Bandearen ikuskizuna da.
Ikuskizunean Francisco Javier Larreina eszenografoaren eta Oinkari Jantza Taldearen kolaborazino bereziak izango dira. Jai herrikoi honetako doinu tipikoak entzun ahal izango dira, besteak beste, “Inguruko jantzea”, “Lantzeko Ihauteria” eta “Oriako Sorgin jantzea”. Horreez gan txistu bandarako sortutako hainbat lan be interpretauko dira, “Txakolin” doinuaren inguruko bariazinoak adibidez.
Kontzertua datorren astelehenean, zezeilaren 21ean, izango da, Euskalduna Jauregiko 0D aretoan, 19:00retatik aurrera. Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan erosi daitekez.
Kontzertu honetarako Francisco Javier Larreina eszenografoaren laguntzea izango dau Bandeak. Larreinak artelan bizientzako espazio eszenikoak diseinetan ditu (antzerkia, musikea, jantzea eta operea), baita erakusketa, ekitaldi eta telebistarako be. Ikusle musikari eta espazioen arteko hartu-emonak artearen sormenaren puntu nagusitzat ulertzen ditu, espazioaren inguruko planteamenduak ikusleen begiradearen inguruko galderak bultzatu nahi ditu.
Horrezaz gan, Oinkari Jantza Taldeak be hartuko dau parte, Bandearen ohiko kolaboratzailea da Villabonako taldea eta oinarritzat euskal jantzako pausuak hartuta, aratuste giro koloretsuan satuko ditu ikus-entzuleak. Jai herrikoi honetako doinu tipikoak entzungo dira baina txistu bandarako sortutako hainbat lan be interpretatuko dira.
Kontzerturako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan erosi daitekez 2 euroan, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro).
Saio honen ondoren, Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloa martiaren 7an amaituko da, Eki izpiak izeneko kontzertuagaz; Txistulari Bandeak abesti enblematikoak abesteko aukerea eskainiko deutse ikus-entzuleei. Baina kantu tradizional ezagunenez gan, Egan taldeak bere ibilbide oparoan ospetsu egin zituan hainbat doinu be entzun eta abestu ahal izango dira. Taldearen sortzaile eta espiritua izan dan Xabier Saldiasek jarriko dau ahotsa baina laguntzaile izango dira Iñar Sastre eta Gorka Eskauriaza, pianoan eta baxuan hurranez hurran.
Bilboko Udal Txistulari Bandea
Gaur egun ondokoak dira Bilboko Udal Txistularien Bandako kideak: Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta (Zuzendaria), Sabin Bikandi eta Asier García.
Bidebarrieta Kulturgunean zenbait kontzertu egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa atontzen hasi ziran eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen dau; bertan, txistularien bandearen saioakaz batera goi mailako profesionalakaz eta taldeakaz lankidetzako saioak buztartu ditue.
Bandeak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukoteagaz Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan (2008) txistularien errepertorio birtuosoa batzen ebana; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralagaz; Plazan (2014) erromerietako eta jantzaldietako musika-lanakaz; Xabier Zabalagaz Gogoeta eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!