Bilbok Aratusteetako maskarea jantziko dau

Bizkaie! 2022-02-17 13:34   Pil-pilean

Aratusteak zezeilaren 24tik martiaren 1era ospatuko doguz.

Farolin eta Zaranbolas | Ikusi handiago | Argazki originala



Bilboko Udala
urteko jairik ausartenak eta alaienak atontzen dabil, Aratusteak, zuhurtasuna eta erantzukizuna ezarrita baldintza moduan. Bilbotarrek aukerea izango dabe Aratusteetako maskarea jarteko.

Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotzi eta Jaietako Batzorde Mistoko presidenteak eta Bilboko Konparsak Erakundeko ordezkariek emon ditue Aratusteetako egitarauaren zehetasun guztiak. Lehendik bagenkian Farolín Ibon Koteron musikaria eta Zaranbolas Gemma Martínez aktorea zirala.

Igaz, bertan behera itxi behar izan genduzan Aratusteak eta tristuraz hartu genduan erabagia larrialdi sanitarioko egoereak behartuta. Orain, berreskuratu egin geinkez jaiok eta pozarren gagoz horrek esan gura dauelako pandemiak aukerea emoten deuskula arlo guztietan normalizazinorantz hurreratzeko eta Aratusteak jai dibertigarriak diralako", adierazo dau Itziar Urtasunek. Gainera, Zinegotziak gogo biziz iragarri dau “Bilbon Aratusteetako motorrak martxan jarriko ditugula, jente guztiarentzat pentsautako jarduera-programa oso bategaz. Berrogeita hamar proposamen inguru atondu ditugu publiko guztiarentzat.

Epaiketea Farolin eta Zarambolasi

Datorren barikuan, zezeilaren 25ean, 19:00etan, Farolín eta Zaranbolas atxilotu egingo ditue udaletxean eta Plaza Barrira eroango ditue; han epaiketea egingo jake (19:30ean). Ondoren, plazan bertan, jentaurreko laidoa egingo jake biei eta, urtero legez, Aratusteetako usadiozko irri-koplak atarako jakez (20:30ean).

Aurrerago, Bilbao Sozial Jantza taldeagaz izango da areto-jantzen saio bat, 20:45ean.

Zapatuan, zezeilaren 26an, kalejirea eta mozorro lehiaketea

Eguerdiko 12:00etatik aurrera, uriko bazter guztiak beteko dira proposamen dibertigarriakaz. Hor egingo da jai-esparrua edegiteko ekitaldia Plaza Biribilean. 12:15ean kalejirea hasiko da Euskadin aratusteetan erabilten diran jantzien erakusteagaz, fanfarre eta erraldoiak tartean dirala.

Etxeko txikienek tailerrak izango ditue aukeran Done Bikendi kalean, 12:15etik 14:30era bitartean eta antzerkia Zabalgunean, 12:30etik aurrera, Zirika Zirkusen eskutik Berrerabizi obreari esker, zirkuko kolektibo horrek Bilboko umeei erakutsiko deutse sano inportantea dala hondakin gitxiago sortzea, berrerabilerea eta birziklatzea sustatuz.

Eguerdiko 12:30ean, Plaza Barrian Bizkaiko Jantzarien Biltzarrak (BDB) eskola batzuen eta besteen jantzen ikuskizuna eskainiko dau.

Arratsaldeko 17:00etan, barriz, kalejirea izango da eta mozorro-lehiaketea be bai, Diputazinoko eraikinaren paretik urten eta Plaza Biribilean eta Arenalean zehar igaroko baita.

Azken buruan, Bocabeats taldearen txandea izango da, 21:30ean, Plaza Barrian, euskerazko eta gaztelaniazko ikuskizun bat eskainiko dabe, aratusteetakoa, ez dauena inor epel itxiko.

Maskaradea domekan, umeen astelehena eta sardinea erretako martitzena

Aratusteetako ekitaldiak domekan be izango dira: Zuberoako Maskaradea ikuskizuna eskainiko dau Gaztedi Jantza Taldeak. Eta astelehenean be bai, zezeilaren 28an, familientzako kontzertu bat izango da Plaza Barrian, 12:30ean eta beste ikuskizun bi Campos Eliseos antzokian: Txirri, Mirri eta Txiribiton izango dira 17:00etatik aurrera. Hiru pailazo maitagarriok euren azken ikuskizuna eskainiko deutse Bilboko umeei: Bart non ote nintzen ni?.

Beste alde batetik, Bataklan Kabaret-ek 20:00etatik aurrera Zuzeneko musikea, jantzak, zirkua eta, batez be, umorea ekarriko dau Bilbora, izan be, Asier Bilbao, Yogurinha Borova, Las Fellini, Pingüistar eta Anakotz be ibiliko baitira.

Ikuskizun bi horreetako edozeinetara joateko asmoa dabenek Campos Eliseos Antzokiaren webgunean izango dabe aukerea sarrera erosteko, zezeilaren 18tik aurrera, 10:00etan hasita. Bataklan Kabaret-en saioek 5 euroko prezioa izango dabe eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen ikuskizuna doban izango da.

Bilboko Udalak, gazteenendako, kontzertu bat atondu dau, zezeilaren 28rako, 20:30ean hasita, Plaza Barrian; Silitia lekeitiarra, hain zuzen be, umorea eta rocka buztartzen dituana eta Gaztea Maketa Lehiaketan irabazlea izan zana.

Aratusteei agur esango deutsagu martiaren 1ean, martitzenean: Sardinea Erretea, 20:00etan, Plaza Barrian.

Aratuste inklusiboak

Bilboko Udalak eutsi egingo deutso bere ahaleginari eta konpromisoari, ezintasunen bat daben persona guztiek parte hartu ahal izan deien Aratusteetan, jarduerak egokituz horretarako, publiko guztientzako irisgarriak izan daitezan.

Aratusteetan, kopla laburren lehiaketea, Farolínen eta Zaranbolasen epaiketea, Mozorro Lehiaketako sari banaketea, danak egingo dira zeinu-hizkuntzako interpreteagaz.

Horreza gan, jai-egitarauak braillez idatzita eskainiko dira eta kartelaren deskribapen bat be izango dabe, kartelaren bikote egileak berak idatzita. Egitarauak hemen egongo dira eskura: Udalaren Informazino Bulegoan (San Agustin eraikina), ONCEren egoitzan (Pérez Galdós, 11), Bilbao Turismoren bulegoetan (Plaza Biribilean eta Abandoibarrean, 2. zenbakian, Guggenheim Museoaren aurrean), aireportuan, Ibaiondo udaltegian (Pilota kalea, 10), eta Abandoko udaltegian (Elkano kalea, 20-22).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu