XXI. Mendeko Emakume Idazleak zikloan, Ledicia Costas protagonista
2022-02-16 08:40 KultureaZezeilaren 24an, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean izango da.
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak XXI. Mendeko Emakume Idazleak zikloari ekingo deutso barriro Ledicia Costas-egaz hurrengo eguenean, hilaren 24an; topasketea 19:00retan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.
Idoia Jauregi kulturan espezializautako kazetariak gidatuko dau saioa.
XXI. Mendeko Emakume Idazleak zikloa 2018. urtean martxan jarritako literatura garaikideko emakume idazleen lanean arretea jarteko helburuari eutsiz: Almudena Grandes, Dolores Redondo, María Oruña, Elvira Lindo, Najat El Hachmi edo Karmele Jaio lako idazleek parte hartu dabe topaketa horretan.
Hurrengo eguenean, hilaren 24an, barriz, Ledicia Costas idazle galiziarra izango da Bidebarrietako Liburutegian.
Ledicia Costas
Vigon jaio zan 1979an. Unha estrela no vento (1999) eleberriagaz egin eban debuta eta geroago O corazón de Xúpiter (2012), Recinto Gris (2014) eta Escarlatina, a cociñeira defunta (2014) idatzi zituan.
Umeei eta gazteei zuzendutako lan honek era guztietako errekonozimenduak jaso ditu, besteak beste, Ume Literaturako Merlin Saria, Fervenzas Literarias Saria eta Galiziako Editoreen Alkartearen Xosé Neira Vilas Saria. 2020an, Galiziako Literatur Sorkuntzako Kulturearen Saria jaso eban ibilbide aberatsagaitik. Costas Gálix erakundeko (Ume eta Gazte Liburuaren Galiziako Alkartea) zuzendaritzako eta Poetas da Hostia kolektiboko kidea da.
Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiak kultureari eskainitako gunea da. Helburuen artean kulturea, literaturea eta zientziaren garapena eta sustapena dagoz.
Sartzea doban eta librea izango da lekua bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!