‘Sutan’ film laburra filmau dau Naia Arantzamendik

Bizkaie! 2022-02-15 08:52   Zinemea

Zineako I. Film Laburren Gidoi Lehiaketea irabazi eban ondarroarrak.



Proiektuak 1813. urtean Donostiak jazotako setioa islatuko dau, ikuspegi, espazio eta egoera zehatz bat ardatz hartuta. Naroa Miguel Arregi, Joseba Usabiaga eta Iker Galartza dira protagonistak.

Naia Arantzamendi ondarroarrak zuzendutako Sutan film laburraren filmaketa lanak astegoienean egin ditue, zezeilaren 11n, 12an eta 13an, Andoaingo hainbat txokotan. Zinea hedabideak gauzatutako I. Film Laburren Gidoi Lehiaketea dau abiapuntu, eta Maluta Films etxearen babesari esker egindako proiektua da.

Donostiaren historiako jazoera larrienetakoa izan zana oinarri hartuta, istorio unibersal bat sortu dau egileak, kontakizun ofizialetik ezabatuak izan ziran ahotsei garrantzia emonaz, izan be, 79 lekukotza jaso zituan uri harresitu haretan jazotakoa ezagutzeko. Testigantza guztietan igarri da emakumeek hartu ebela alderik txarrena. Halan da be, kontakizun horreetatik bi baino ez ziran emakumeek emondakoak. Horreen aurrean, benetakoa izan eitekean fikzinoko testigantza bat sortu dau Arantzamendik: Ez dot berbakaz kontau gura izan, erakutsi baino eta batez be, sentidu. Protagonisteagaz bat egin eta berak sentiduten dauena nik be sentidu. Bera jarraitu eta beragaz bidea egin.

1813. Espainiako Independentzia Gerrearen erdigunean, Donostian

Ingelesen eta frantsesen arteko gatazkan atrapauta, hankaz gora jarten ebizan uri bateko logela bateraino heltzea lortuko dau Juanak (10). Bonbak, tiro hotsak, laguntzea eskatzen dabenak, soldaduak... Horretatik iges egiteko asmoz, bizitzari eusteko ahaleginean, gordeleku bilakatuko dau Juanak logela horretako armairua.

Ezjakintasunaren menpeko, haren bizitzearen azken momentu larriei aurre egin beharko deutse: bila datozen soldadu bik ezarriko dabe mugea bizitzearen eta heriotzearen artean.

Proiektuak Zineak 2020. urtean sustatutako gidoi lehiaketea dau abiapuntu, lehen edizino horretako irabazlea izan baitzan

Euskal Herriko unibersidadean Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasi eban Naia Arantzamendik (Ondarroa, 1994) eta Madrilera jo eban gero gidoigintzan espezializetan. Idaztea da ondarroarraren pasinoa eta Zineako I. Film Laburren Gidoi Lehiaketearen barri izan eta proiektuari heltzeko erabagia hartu eban. Bada, edizinoko irabazle hautatu eban epaimahaiak.

Aktoreen artean, Naroa Miguel Arregi umeak bete dau Juana protagonistearen papela eta Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak antzeztu ditue gerrariak.

Lan-taldeari jagokonez, Arantzamendirenak dira proiektuaren jatorrizko idea eta gidoia eta bera arduratu da filmaren zuzendari lana beteteaz. Haregaz izan ditu Ainara Mendiola, zuzendari laguntzaile eta Maialen Sarasua Oliden, script eta muntatzaile lanetan. Maluta Films etxeko Ritxi Lizartza izan da produktore-eragilea; Cris Fraile produkzino burua; eta Alex Suerias, Victor Rodriguez, Iban Toledo, Javier Seva eta Ioritz Dominguez izan dira erretratugileak. Lander Llorens arduratu da soinuaz; Telmo Tola ibili da figuringile; eta Nerea Berroeta zein Sandra Vicente izan dira arte-zuzendariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu