Kezka taldea koko-eskean eta ate-joka ibiliko da Eibarren, zezeilaren 19an
2022-02-14 13:49 KultureaAzken agerraldia 2019an egin eben.
Zezeilaren 19an, zapatuan, goizean goizetik hasiko dira merkatu plazan eta, ondoren, Arrate eta Gorosta auzoetako baserrietara hurreratuko dira eta aartsaldeko 15::00retara etenik ez egitea da asmoa; ondokoa da ibilbidea: Orbe, Eskaregi, Agirregainekoa, Agirreazpikoa, Azaldegigainekoa, Nagiorbe, Nagiorbebekoa, Boneta, Sagarbieta, Azpiri, Mandiolagainekoa, Mandiolazpikoa eta Arlaban.
Bestalde, Eibarko Aratosteetako 2022ko kartelak gure herriko koko-jantzariak eta koko-marruak islatzen ditu, inauteriaren sustraian oinarrituko pertsonaiak: mamarruak, burburixuak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, amabirjinea, Martin perratzailia, sasi-kartia...
Arratsaldean, 18:00etan Errebal plazan batuko dira kokomarru gehiago koko-jantziak jarteko eta 19.00etatik aurrera, Anbulatorioko parkean batu ondoren, Eibarko kaleetan zehar ibiliko dira.
Kartela
Aratusteak iragarteko kartela Jaume Gubianas Escudék egin dau, Koko-jantzi 5.0 izeneko kartela.
Edade txikikoen atalean, Xabier Pérez Ibáñez de Garayo izan da irabazlea 11 eta 14 urte bitarteko edadekoen atalean, Fusioa izeneko kartelari esker; 10 urte arteko umeen kategorian, Ianire Híjar Herrera izan da irabazlea, 2022ko Aratoste koloretxuak izeneko lanari esker.
Udaleko Kultura Saila, herriko kolektibo eta alkarteakaz batera dabil oraindino be aurtengo Aratosteetako egitarau-zirriborroa lantzen. Aurreikusten da ikastetxeetako taldeakaz desfilea egitea zezeilaren 24an (Eguen Zuri), baita hurrengo egunean (Barixakua) egingo dan Kaldereroen Konparsearen kale-jirea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!