Gernikako Bakearen Museoak bat egin dau UPV/EHUko MHLI taldeagaz

Bizkaie! 2022-02-14 10:42   Kulturea

MemoriArtean, Gerra Zibilaren gaia artista gazteen ikuspuntutik begiratzea da asmoa.

Desegindako gomutearen aurrean: Memoria eta Gerra Zibila aldi baterako erakusketearen aurkezpenean izan dira Gernikako Bakearen Museoko arduradunak, MHLI taldeko Mari Jose Olaziregi, Ismael Manterola eta Miguel Rivas, baita erakusketan parte hartzen daben hainbat artista be.

MemoriArtean 2022 urtean hasi eta hurrengo urteetan UPV/EHUko MHLI ikertaldeak (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) eta Gernikako Bakearen Museoak alkarregaz jorratuko daben proiektua da.

Aitatu erakusketan (2022/02/08-2022/04/20) parte hartzen daben artistek (Amaia Molinet, Atxurra animazino taldea, Art al Quadrat (Gema eta Monica del Rey Jorda) Iratxe Jaio, Klaas Van Gorkum, Miriam Isasi, Oihane Iraguen eta Taxio Ardanaz) urte askotako isiltasuna bertan behera itxi eta Gerra Zibilaren gaia aukeratu dabe lanerako.

Artelanen abiapuntuak ugari dira: batzuek gerran jazotakoaren gaineko hausnarketea egin gura izan dabe, beste batzuek gerreak itxitako aztarnak, luzaroan ezkutuan egon diranak, erakutsi ditue. Edozelan be, guztien aldarrikapenak dira memoria ariketak gure orainaldia hobeto ulertzeko, izenburuak dinoan moduan, desegindako gomutak barriro harilkatzeko moduak, hain zuzen be, artisten eretxiz, gerrako jazoera baltzek itxitako zauriak osatzeko modua izan daitekezalakoan. Memoria zelan gorde, horixe da artisten kezka nagusia.

Bakotxak bere erara, artearen baliabideak erabili ditue kontetako, irudikatzeko, memorialekuak eregiteko, antzezteko edo sentimenduak azaltzeko. Bide horretatik jatorkuz burura orain 80 urte biztutako biolentzia eta bildurrak, sentipena eta emozinoak.

Gernikako Bakearen Museoak komunikabideentzako bisita berezia atondu dau

Bihar, martitzena, zezeilaren 15ean, goizeko 11:00etan, aldi baterako erakusketea erakutsi eta azaltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu