Goya sarien galea, euskal zinemearen bultzadearen isla
2022-02-11 12:54 ZinemeaMaixabel pelikuleak 14 izentapen ditu.
Euskal zinemeak 2021eko Goya Sarietan erantzun bikaina izan eban eta zortzi sari jaso zituan. Aurten, gure industriaren bultzadea eta kalidadea aintzat hartu ditue barriro, izan be, danetara 20 izendapen dira. Nabarmentzekoa da 28 kategoria dagozala eta horreetatik 18tan gitxienez euskal hautagaitza bat dagoala eta bitan, bina hautagai.
Aitagarriak dira Maixabel lanak jasotako 14 izendapenak. Iciar Bollaínek zuzendutako eta Kowalski Filmsek produzidutako pelikulea gaueko lanik sarituena izateko lehian izango da, El buen patrón film luzeagaz batera. Biek sari garrantzitsu bi eskuratzeko aukerak ditue, Film Onenaren eta Zuzendaritza Onenaren sariak, besteak beste. Zuzendari madrildarrak Maixabel Lasaren, ETAk hildako Juan Maria Jáureguiren alargunaren, istorioa aurkezten deusku publiko eta kritikarientzat oso arrakastatsua izan dan azken lan honetan. Lasa izan zan bere senarraren hiltzaileakaz kartzelan alkarrizketatu zan lehen biktimetako bat.
Era berean, akademikoek autortu dabe dagoeneko filmeko aktore-lan aparta eta azpimarragarriak dira Maria Cerezuela barakaldarrarentzat Emakumezko Aktore Barri Onenaren izentapena eta Urko Olazabal bilbotarrarentzat Banaketako Gizonezko Aktore Onenarena. Olazabalek Fernando Albizu aktore gasteiztarra izango dau lehiakide, El buen patrón filman egindako lanagaitik. Blanca Portilloren lana be azpimarratu dabe Emakumezko Aktore Protagonista Onenaren atalean eta Luis Tosarrena Gizonezko Aktore Protagonista Onenaren atalean.
Akademiak aintzat hartu dau gure sektoreko teknikarien balioa, izan be, adibide bat aitatzearren, Maixabel filmak dituan 14 izendapenetatik zortzi alderdi teknikoei jagokez: Horreen artean, honako honeek dagoz: Produkzino Zuzendaritza Onenaren izentapena (Guadalupe Balaguer Trelles), Makillaje eta Ule-apainketa Onenaren izentapena (Karmele Soler eta Sergio Pérez Berbel), Jantzien Diseinu Onenaren izentapena (Clara Bilbao), Muntaia Onenaren izentapena (Nacho Ruiz Capillas), Soinu Onenarena (Alazne Ameztoy, Juan Ferro eta Candela Palencia), Jatorrizko Gidoi Onenarena (Iciar Bollaín eta Isa Campo) eta Jatorrizko Musika Onenarena Alberto Iglesiasentzat. Kontuan izan behar da musikari donostiarrak nazioarteko zinemagintzaren aintzatespen garrantzitsuenetako bi irabazi leikezala aurten, izan be, AEBetako Akademiak Pedro Almodóvarren Madres Paralelas filman egindako lana be autortu dau, Soinu Banda Onenaren Oscar sarirako izendapenagaz.
Mikel Serranok igaz Akelarre filmagaitik jaso eban autortzea eta, aurten, besteak beste, Antxon Gomezegaz (Madres paralelas) lehiatuko da Zuzendaritza Artistiko Onenaren saria irabazteko. Beste izentapen aitagarri bat Jorge Guerricaechevarríarena da. Daniel Monzónegaz batera, Gidoi Egokitu Onenaren Goya sarirako hautagaia da Las leyes de la frontera filman alkarregaz egin daben lanagaitik. Javier Cerca idazle espainiarraren eleberrian oinarrituta, Ignacio heldu bihurtu zan udako istorioa kontetan dau. Nachok mundu biren arteko mugea eten barik urratzen dau, onaren eta txarraren artean, justiziaren eta injustiziaren artean dagoan lerroa zeharkatuz.
Era berean, Animazinoko Film Onenaren kategorian be sarituen irakurketeari adi egongo gara, euskal zinemearen itxaropenak Zutik! (Salvar el árbol) filman jarrita baitagoz. Haizea Pastor eta Iker Álvarez zuzendarien eta Baleuko etxearen lan hau bederatzi urtetik beherako umeei zuzenduta dago eta eskuzabaltasuna, laguntasuna eta naturearen aldeko jarreerea sustatu nahi ditu.
Euskal film labur bi be hautagai dira saria lortzeko: Nacer Animazinoko Film Labur Onenaren sarirako hautagaia da. Roberto Vallek zuzendu eta Uniko Filmsek eta Auntie Filmsek egindako lan honek Carlos mutikoaren istorioa aurkezten deusku. Lau urteko umea da Carlos eta anaiatxo bat izateko erronka emozionalari egin behar deutso aurre.
Bestetik, Pablo de la Chica zuzendari dauen Mama lanak Media Attack-en parte-hartzea dau eta Dokumental Labur Onenaren saria eskuratzeko aukerea dauka. Lana Kahuzi-Biega Parke Nazionalean sartzen da, munduko leku gatazkatsu batean, Lwiroko Primateak Errehabilitetako Santutegian, hain zuzen be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!