Ibon Koteron eta Gemma Martinez izango dira aurtengo Farolin eta Zaranbolas

Bizkaie! 2022-02-11 08:20   Kulturea

Segurutik, energia hori guztia gehien behar dogun momentuan kutsatuko deuskue.

Ibon Koteron Agorria eta Gemma Martínez Fernández aukeratu ditue 2022ko Bilboko Aratusteetako Farolin eta Zaranbolas, hurranez hurran. Entretenimendua eta dibersinoa bermatuta dagoz, uriko aratusteei, pandemiaren ondorioz 2021eko geldialdiaren ondoren, zezeilaren 24tik martiaren 1era uriko hainbat txokotan ospatuko dan edizinoan.

Udaleko, Bilboko Konparsak erakundeko, Fekoor-eko eta Alde Zaharreko Merkatarien Alkarteko ordezkariak batzen dituan Jai Batzorde Mistoak aukeratu ditu Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ezagunenak, Farolin eta Zaranbolas.

Farolinen eta Zaranbolasen epaiketea bariku arratsalderako aurreikusita dago, hilaren 25erako eta hauxe da 1984. urtean sortu zan jai-ekimeneko ekitaldi nagusia, baserri giroko Aratuste tradizionalen elementu adierazgarrienetakoa ezartzeko. Epaiketa horretan ezartzen ziran urteko gaiztoen kontrako zigorrak. Uribilduaren kasuan, gaiari ikutu txirenea emotea erabagi zan, zintzoa eta txarra ekuazinoa ebitau eta bilbotarren nortasun arketipikoaren bikoiztasuna nabarmentzeko asmoz.

Farolin, musikearen jeinu bilbotarra: Ibon Koteron

Farolin, arlo publikoan edo profesionalean nabarmendutako bilbotarra da –ez dau zertan
Bilbon jaiotakoa izan behar–, haren botxero izakerea dala eta harro egoteaz gan, goiburua Semper Plus Ultra/ Beti Haratago izan daiteke.

Ibon Koteron musikaria, aurtengo Bilboko Aratusteetan Farolin izango dana, ezin hobeto sartzen da profil horretan. Filosofia irakasle eta albokari, gure jai guztietan hain presente dagoan instrumentuari bultzadea emoten deutson musikearen jeinua, albokearen iraultzaile eta Bilboko enbaxadore euskalduna. Nazinoarteko artista handiakaz egin dau lan eta bakarkako diskoak be argitaratu ditu, berak joten dauenean bikain entzuten dan musika-tresna hori ezagutzera emoteko.

Zaranbolas, benetako gibelandia oihala igoten danean: Gemma Martínez

Zaranbolas gibelandia da, ezerk nahasten ez dauen eta bizitza ezerk aldatzen ez deutson bilbotarra. Ondo bizitzearen adibide, haren bizimodua Carpe Diem/Bizi Momentua esaeran laburbatzen da.

Aratusteotan holan egingo dau jantzan Gemma Martinez antzezle bilbotarrak Zaranbolasen oinetakoetan. Dibertigarria, gibelandia, zelebrea... Arte eszenikoetako ibilbide luzeko profesionala, antzerkia, zinemea, telebista, bakarrizketak egin ditu, umorez betetako bizitza aprobetxauta: Segurutik, energia hori guztia gehien behar dogun momentuan kutsatuko deusku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu