Luis de Pablo musikagile bilbotarra omenduko dabe Madrilen
2022-02-11 08:10 KultureaJarduerak 2022ko zezeilaren 23an eta 24an izango dira.
SGAE Fundazinoak eta Real Antzokiak Madrilgo kulturgune handiaren estreinaldiakaz batera hainbat jarduera atondu ditue 2022. urtean. Lankidetza-esparru horretan, SGAE Fundazinoko Berlanga Sala madrildarrak omenaldia egingo deutso hildako Luis de Pablo musikagileari, soinu-banden konpositore lez jorratutako ikuspegitik, 2022ko zezeilaren 23an eta 24an.
Luis de Pablo, musika eta poesia zineman lelopean, SGAE Fundazinoak Espainiako historia garaikideko musikagilerik emonkor, barritzaile baten irudia gogoratu nahi dau eta, horretarako, haren obrearen ezagutzaile onenetako batzuekaz dobako mahai-inguru bat egingo da eta hain ezagunak ez diran hiru soinu-banda entzun ahal izango dira, honako lau film-luzeen proiekzinoagaz batera: José Luis Borauren Crimen de doble filo, Antonio Eceizaren De cuerpo presente eta Carlos Sauraren La madriguera. Bestalde, Samuel Alarcónen Déjame hablar dokumentala be ikusi ahal izango da, De Pabloren lana aztergai.
Zinemaldia zezeilaren 23an hasiko da (18:30ean) José Luis Borauren Crimen de doble filo film luzeagaz, misteriozko klasikoa eta hor ikusleak Luis de Pabloren dimensino akademikoena topauko dau. Ondoren (20:30ean) Antonio Eceizaren De cuerpo presente proiektauko da, Gonzalo Suárezek Francisco Regueirogaz eta Elías Querejetagaz gidoilari lanetan egindako eleberri batetik sortutako pop esperimentua. Bertan, musikagileak irudietarako egiten dan musikearen estilo eta erabilerei buruzko saiakera bat egiten dau, ironiaz beterikoa, klixeetan hasiz eta antikonbentzionalismoan amaituz.
Luis de Pablo, musika eta poesia zineman hurrengo egunean (zezeilaren 24an) La madriguera drameagaz agurtuko da. Carlos Sauragaz izandako lankidetza zabala hemen estilema primitibista eta sendoak dituan soinu-banda batean agertzen da, industriak ohikoa zana baino askoz urrunago joanez, filma bera bezela, berez Saura metaforiko eta moderno onenaren adibidea. Jardunaldia amaitzeko (20:30ean), omenaldi-saio berezi bat egingo da, sartzea doban, Samuel Alarcónen Déjame hablar dokumentalaren proiekzinoagaz. Dokumentalari mahai-inguru bat gehituko jako, gaur egun ezinbestekotzat joten dan Luis de Pabloren obra ondo baino hobeto ezagutzen daben adituakaz: Tomás Marco konpositorea, Nacho de Paz orkestra-zuzendaria eta Samuel Alarcón bera.
De Pablori egindako omenaldi honek bat egiten dau Madrilgo Real Antzokian El abrecartas operearen erabateko estreinaldiagaz, izan be, bizkaitarrak berak sortu eban opera hau, Vicente Molina Foixen libretoa dauena eta 2022ko zezeilaren 16tik 26ra ikusi eta entzun ahal izango da Madrilgo antzoki horretan.
Honegaz guztiagaz, Berlanga Aretoan Luis de Pabloren figurea nabarmenduko da, XX. mendeko musika-sorkuntzako handienetako bat izan zalako, bai bere lanaren kalidadeagaitik, baita 51ko Belaunaldiko kide zan neurrian agertutako barriztapen-gaitasunagaitik be. Zazpigarren Arteagaz De Pabloren sorkuntza-esperientzia hamarkada batzuetan oinarritu zan, batez be hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, horreetan zinema-mueta barritzaile baten konposizinoan sartu baitzan. Ezagunak dira Elías Querejetaren La caza edo El espíritu de la colmena izenburuetarako egindako jatorrizko soinu-banda mitikoak, Carlos Saurak eta Víctor Ericek zuzentuko obrak, hain zuzen be. Oraingo honetan, maisuaren aldakortasuna gogoraraz gura izan da, zabalkunde txikiagoko izenburu batzuei erreparauta baina, era berean, haren erregistroak egiaztatu eta erakutsi guran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!