Santanderrek, Bilbok eta Logroñok 'Bertatik Bertara' programearen alde egin dabe
2022-02-10 12:44 Kulturea90.000 euro erabiliko ditue, 2021ean baino % 20 gehiago.
Santander, Bilbo eta Logroñoko udalek 90.000 euro izenjarri ditue Bertatik Bertara 2022 laguntza-programarako, 2021ean baino % 20 gehiago. Dirulaguntzen poltsa honen asmoa da hiru urietako kultur eta sorkuntza sareek ekimenak jorratzea alkarregaz eta, aurten, 75.000 eurotik 90.000 euroraino gehitu dau diru-hornidurea, uri bakotxak 30.000 euroko ekarpena eginez.
Danetara, sei proiektu hautatuko dira eta bakotxak 15.000 euroko aurrekontua izango dau. Ekimenak 2022. urtean gauzatu beharko dira eta, gainera, barriak izateaz gan, gitxienez hiru urietatik bitako kultura-eragileren arteko alkarlanaren emoitzea izan beharko dabe baina hiru urietako eragileek bultzatutako proposamenak be kontuan hartuko dira.
Hiru urietako ordezkariek osotutako Balorazino Batzordeak aukeratuko ditu proposamenak eta proiektuen kalidadea, interesa, bideragarritasuna eta barrikuntzea ebaluauko ditu. Kontuan hartuko da uri bitako edo hiruretako profesionalen artean lan-sareak sortzeko gaitasuna, proiektua uri bitan edo hiruretan garatzea, finantzaketa osogarria eta zenbat herritarrakana heldu daitekezan proiektuak.
Era berean, aukeratutako proposamenek lagundu egin beharko dabe hiru urien artean hartu-emon egonkorra izango dauen kulturako sektore profesionala sortzen, jarraipena emoten eta aberasten, bai eta hiru urietako kultur programazinoa aberasten eta kulturearen eta sortzaileen arloko profesionalen, enpresen eta bestelako erakundeen artean lan-sareak martxan jarten be.
Interesa daben kultur eragileek www.santandercreativa.com helbidean topauko ditue deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko eskabide eredua. Laguntzok jasoteko epea martiaren 15era arte egongo da zabalik eta dokumentazino guztia helbide honetara bialdu beharko da: info@santandercreativa.com.
Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emonda dagozan profesionalak eta enpresak edo bestelako erakundeak aurkeztu ahalko dira deialdira, beren forma juridikoa edozein dala be, kultura-ondasunak sortzen, produziduten, banatzen eta merkaturatzen ibilten badira, beren jarduerak hiru urietako batean egiten baditue eta ez badira toki-erakundeei, toki-erakunde autonomoei edo tokiko enpresa-erakunde publikoei atxikitako merkataritza-soziedadeak.
Kultur proiektuak uri bitako kultur eragile bik edo hiru urietako hiru kultur eragileek aurkeztu ahalko ditue, uri bakotxetik bat. Aurten, hautatutako proiektuaren azken memoria bat eta balantze ekonomiko bat entregau beharko dira.
2021ean, hamalau proposamen aurkeztu eta sei hautatu ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!