Zezeilak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna izango da

Bizkaie! 2022-02-10 11:11   Pil-pilean

98 saltokik bat egin dabe Elhuyar-ek sustatutako Zezeilaren 11 erakusleihoak ekimenagaz.



Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu eban 2016an emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan deien bultzatzeko eta nesken bokazino zientifikoak sustatzeko. Egun hori ospatzeko, Zezeilaren 11 erakusleihoak ekimena jarri dau martxan Elhuyar-ek eta Bilbo, Tolosa, Ibarra, Villabona, Elgoibar eta Donostiako 98 saltokik parte hartuko dabe.

Establezimendu bakotxak emakume zientzialari bati eskainiko deutso erakusleihoa. Zientzialariagaz lotutako ilustrazinoak eta informazinoa batzen daben horma-irudiak jarriko ditue dendan eta haren ikerketan inspirauta apainduko dabe dendako erakusleihoa. Holan, beraz, emakume zientzialarien bizitzearen eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak eta emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena ikusarazoten lagunduko dabe.

Ekimen hau Bizilaberen barruan kokatzen da, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzearen barruan eta Elhuyarrek atondu dau, Bilboko, Elgoibarreko, Tolosako, Ibarrako, Villabonako eta Donostiako udal eta garapen agentziakaz eta tokian tokiko merkatari-alkarteakaz alkarlanean.

Horrezaz gan, Zezeilaren 11 erakusleihoak egitasmoan ikusgai egongo diran irudietan oinarrituta, erakusketa bat egongo da zabalik Eureka! Zientzia Museoan martiaren 13ra arte, zientzia eta teknologia-arloko 12 emakume omentzeko. Erakusketeagaz batera, familientzako esperimentuak atonduko dira emakume horreen omenez zezeilaren 12an eta 13an Eureka Zientzia Museoan bertan.

STEAM hezkuntzearen bitartez, urte osoan egiten dau lan Elhuyarrek neskek zientzia eta teknologia-gaietan parte hartu deien bultzatzeko eta, horretarako, emakume zientzialarien lana balioan jarten eta bistaratzen dau, erreferenteak sortzeko eta hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurreratzeko gazteei, emakume horreen bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukerea uste oker eta estereotipoak gainditzeko.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza be atondu ditu Elhuyarrek: Teknopolisek saio berezia egingo dau zezeilaren 12-13ko astegoienean ETB-1en eta ETB-2n: Ana Zubiaga Genetikan katedraduna eta Arrate Alonso telekomunikazino-injinerua alkarrizketatuko ditue saioan. Bestalde, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak be gai hori izango dau berbagai nagusi zezeilaren 11ko saioan. Eta zezeilaren 17an, Ana Galarraga Elhuyarreko kideak Itziar Garate Lopez astrofisikaria alkarrizketatuko dau Donostia Kulturak eta Elhuyarrek Ernest Lluch Kultur Etxean atondutako ekitaldian.

Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazinoarteko eguna ospatzeko, Elhuyarrek bat egiten dau Emakumeak zientzian ekimenagaz eta, horretarako,alkarlanean dabil hainbat erakundegaz: CIC nanoGUNE, Materialen Fisika Zentroa CFM (UPV/EHU-CSIC), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center
(DIPC), Biodonostia, Tecnun-Injinerutza Eskolea, Ceit, LORTEK, Euskadiko Parke Tekonologikoak, EHUko Kimika Fakultadea, EHUko Gipuzkoako Injinerutza eskolea, EHUko Informatika Fakultadea, Eureka Zientzia Museoa, Gipuzkoako Industria Injineruen Alkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) eta POLYMAT. Horreek guztiek atondutako ekimenen egitaraua dozue hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu