'Hezkuntza-akordioak sistema duala betikotzearen alde egiten dau'

Bizkaie! 2022-02-10 08:33   Pil-pilean

Eskola Publikoan oinarritutako hezkuntza-sistemea eregi beharrean.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko presidenteak atzo emon eutsen alderdi politikoei euskal hezkuntza-sistemearen etorkizunari buruzko akordioaren oinarriak zehazteko txostenaren lehen zirriborroa. Hezkuntza-eragile lez txosten horretan parte hartu dogunez, jagokozan ekarpenak egingo ditugu, horrek eskatzen dauen zorroztasunari eutsiz. Halan da be, “XXI. mendeko hezkuntzarako oinarriak” izeneko dokumentu honen lehen balorazinoa be egingo dogu.

Dokumentuan idatzitakoaren arabera, egungo sistema dual publiko-pribatua betikotzeko prisa dago, hezkuntza-sistema publikoa eregitearen alde egin beharrean, Europako herrialde gehienen antzera. Legebiltzarreko ponentzian parte hartu dogun eragileok 10 egun besterik ez ditugu 30 urte irauteko asmoa dauen itun politikoari ekarpenak egiteko.

EHIGE hezkuntza-sare publikoa eta sare pribatua parekatzen dituan Hezkuntza Zerbitzu baten kontra dago, dokumentu horrek proponiduten dauen bezela. Gogoratu behar da gaur egungo sistema dual publiko/pribatu hori porrotaren eredu dala, Hezkuntza Sailak egiten dituan diagnostiko-ebaluazinoek erakusten daben bezela, eta eskola-segregazinoaren kausa nagusia dala.

Dokumentuak, eskola-segregazinoaren arazoaz hausnartu eta horri heldu beharrean, sistema duala indartzea proponiduten dau, sare pribatuaren finantzaketea hobetuz. Urte honeetan guztietan gizarte-kohesinoagaz ezelako konpromisorik izan ez daben itunpeko ikastetxeen finantzaketea barrikusi beharrean, handitzea eta titulartasun publikoko zentroak eta titulartasun pribatuko zentroak maila berean finantzietea proponidu dau.

Gainera, ez dau ezelako konpromisorik hartzen eskola publikoa indartzeko, bere eskaintza hobetzeko edo nahi daben ikastetxe pribatuen publikotasuna ahalbidetuko dauen arau-esparrua garatzeko.

Ez dogu ikusten hizkuntza-ereduak gainditzeko eta murgiltze-eredu bat garatzeko konpromisorik, irakaskuntza publikoko hezkuntza-eragileok eskatzen dogun bezela.

Kontuak kontu, euskal hezkuntza-akordioaren oinarri horreek arriskuan jarten dabe guztion artean eregiten gabizen eta euskal gizartearen erronka eta beharrei erantzungo deutsen hezkuntza-sistemea sortzea. Ez deusku ezertarako balio adostasun politikoak, adostasun sozialari erantzuten ez badeutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu