Milton Glaser-en kartelak ikusgai Arte Eder Museoan
2022-02-08 12:56 KultureaXX. mendeko sortzaile grafikorik handienen artean dago.
Bilboko Arte Eder Museoak kartelgintzan ipini dau arretea zabaldu barri dauen erakusketan, hain zuzen be, XX. mendeko sortzaile grafiko handienetako baten obrearen errepasoa egiteko. Milton Glaser (New York, 1929-2020) eragin eta moldakortasun zabaleko artistea izan zan, eta haren askotariko obrearen ikuspegi orokorra emotea da erakusketearen asmoa.
Horretarako, Glaserren hogei bat kartel aukeratu ditue museoko arduradunek, helburu ugariz eginak: komertzialak, oroitzapenezkoak, aktibismoari lotuak... Persona ezagunak oinarri hartuta sortutako kartelak be badagoz, adibidez Bob Dylani eskainitakoa. Hiru hamarkada eta erdi baino gehiagoko ibilbidea hartzen dabe (1976-2011).
Bildumagile pribadu batek dohaintzan emon eutsazan Arte Eder Museoari Glaserren 48 pieza 2013an, 2020an eta 2021ean. Moltso horretatik aukeratu ditue publikoari erakutsi beharrekoak. Zelanbait, erakusketa barri hau 2015eko beste baten jarraipentzat hartu leiteke. Orduko haretan, Arte Eder Museoaren bildumako kartelen inguruan Mikel Bilbao Salsidua komisarioak atondutako erakusketan, Glaserren Dylan ikusi zan lehenengoz Bilbon.
Milton Glaser beti ibili zan sorkuntzarako bide barrien bila. Diseinuagaz eta marketingagaz lotutako formatu asko landu zituan, esate baterako, logotipoak, tipografiak, publizidade kanpainak, diskoen eta liburuen azalak, kartelak... Haren lanik ezagunenetako bat da New York uriaren irudi izateko 1976an sortu eban I [love] New York esaldi eta logotipoa.
Bolonian Giorgio Morandoren ikasle izan zan eta New Yorkera bueltau zanean, Push Pin Studios diseinu grafikoko etxea sortu eban. 1974an bere estudioa ipini eban martxan, Milton Glaser Inc. Argitalpen ugaritan be kolaborau eban, New York aldizkaria eta WBMG argitaletxea sortzeaz gan.
Lankidetza hitzarmena
Bestetik, Bilboko Udalak eta Arte Eder Museoak urterik urteko lankidetza hitzarmena luzatzea adostu dabe. Aurtengo programa kulturala bultzatzeko, Udalak miloe bi euro pasautxu emongo deutsaz Arte Eder Museoaren Fundazinoari. Udalagaz batera, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzea dira fundazinoko kideak.
Dagoeneko hamarkada bi baino gehiago daroaz Udalak Arte Eder Museoari laguntzen. Hezkuntzearen eta kulturearen inguruko ekimenei emoten deutsan babesari esker, museoko bildumea zabaldu ahal izan da urteotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!