Berbaldi bi Bilbon, Darwinen Eguna gogoratzeko
2022-02-08 10:33 KultureaNúria Sebastián Gallés eta Joseba Ríos Garaizar entzun ahal izango doguz Bidebarrietan.
Bilboko Udalak eta EHUren Kultura Zientifikoko Katedreak 16. aldiz gogoratuko dabe Darwinen Eguna astelehenean, hilak 14, Bidebarrieta Kulturgunean. Aurtengo egitarauan berbaldi bi sartu ditue, espezieen eboluzinoaren teoria mahai ganean ipini eban zientzialariari, Charles Darwin ingelesari, gorazarre egiteko asmoz.
Núria Sebastián Gallés zientzialari kognitiboa arduratuko da lehenengo berbaldiaz. Kataluniako Pompeu Fabra Unibersidadean katedradun eta Speech Acquisition and Cobrion ikerketa taldeko burua da. Gizakiak hizkuntzea zelan hartzen dauen azalduko dau, izan be, begiratu baten emon leikena baino prozesu luzeago eta gatxagoa da, umea jaio baino lehen hasi eta urte bi pasautxu bete artekoa.
Beste berbaldia Joseba Rios Garaizar arkeologo eta Historian doktorearen eskutik helduko da. Historiaurrean aditua da Rios Garaizar, Bilboko Arkeologi Museoko teknikaria eta aztarnategi ugaritan azterlan sakonak egindakoa: Arlanpe (Lemoa), Aranbaltza (Barrika), Amalda III (Zestoa)...
Horrenbestez, gizakiaren antxinako bilakaereari begiratuko deutso Rios Garaizarrek Bidebarrietan. Arau sozialak eta honeen eboluzinoa jorratuko ditu, eta gizakiaren historian izan daben pisua azaldu. Horretarako, arkeologia paleolitikoko hainbat adibide praktiko eroango ditu.
Darwinen Eguneko saioa arratsaldeko 18:30ean hasiko da, zezeilaren 14an, astelehena. Sartzea libre da, baina edukierea mugatuta egongo da. Hori dala eta, berbaldiak streaming bidez be emongo ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!