UPV/EHUko ikertzaile bi Antartikako XXXV. Kanpainan

Bizkaie! 2022-02-08 08:32   Pil-pilean

José Ignacio García Plazaola eta Irati Arzacek parte hartuko dabe.

UPV/EHUko Bez-Ekofisko taldeko ikertzaile José Ignacio García Plazaola eta Irati Arzacek parte hartuko dabe Antartikako Espainiaren XXXV. Kanpainan, Livingston ugarteko Juan Carlos I.a basean, Eremita-Estres anizkotxaren aurreko tolerantziaren eboluzino erroak landareetan izeneko proiektuaren barruan. Hango egonaldia zezeilean eta martian izango da.

Kanpaina horretan, ikertzaile taldeak ingurumen-estresen aurreko tolerantzia aztertuko dau Antartikako itsasoko landaredian, ekosistema horretan bizi diran organismo fotosintetikoen taldeek sikate biziei, zero azpiko tenperaturei eta erradiazino ultramoreari aurre egiteko zelako gaitasuna daben zehaztuko da.

Orain 500 miloe urte inguru hasi zan ingurune lurtarraren kolonizazinoa (ordura arte Lurreko bizia urtarra baino ez zan izan). Testuinguru horretan, lehen landareek erronka barriak ekarzanaren kontrako ingurune bati aurre egin behar izan eutsen uretatik kanpo: gorabehera termiko handiak, eguzki erradiazinoaren dosi handiekazko esposizinoa eta sikatutzeko etenbako arriskua. Landareek ezin deutse iges egin, animaliek egiten daben legez, ingurumeneko arazo horreei (estresak esaten jake) eta tolerantzia estrategiak jorratu behar izan ditue. Baina estresaren aurreko tolerantzia mekanismo horreek ordaina be badabe landareen energia ekonomian eta, hain zuzen be, egoera hobea daben beste prozesu batzuetara (fotosintesira eta, azken batean, hazkundera) bideratzen dituen baliabideak gitxitzea dakartse. Dana dala, azken urteotan egiaztatu danez, espezie batzuk kapaz dira estresaren aurreko tolerantzia eta fotosintesi tasa handiak buztartzeko eta, ondorioz, hazteko gaitasun handikoak dira. Topau diren superlandare horreek planetako lekurik gogorrenetan bizi dira, berbarako, basamortuetan, mendi altuetan eta eremu polarretan.

Ikerketa proiektuan tresna barriak erabiliko ditu taldeak ikerketea egiteko: superlandarerik dagoan egiaztatu nahi dabe, planetako beste leku gogor batzuetan topau diran legez. Ikerketeari esker, nekazaritza jasangarriagoa eta produktiboagoa lantzeko potentzial handiko landareen eta mekanismoen ezaugarriak zehaztu ahal izango ditue.

Eremita proiektuko sei ikertzailek parte hartuko dabe Antartikako kanpaina horretan: Errioxako Unibersidadeko Javier Martínez Abaigar eta Encarnación Núñez Olivera ikertzaileek, La Lagunako Unibersidadeko Beatriz Fernández Marínek, Balear Ugarteetako Unibersidadeko Xisco Castanyer ikertzaileak eta lehen aitatutakio UPV/EHUko José Ignacio García Plazaolak eta Irati Arzacek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu