Abellanedako monumentu moltsorako bisita gidatuei ekingo jake

Bizkaie! 2022-02-07 11:05   Kulturea

Zezeilaren 12an, Abellanedako monumentu moltsoak erakusteko dobako bisita programea izango da.

Enkarterriko museoko gidariek Abellanedako eraikinen xehetasun historiko eta arkitektoniko guztiak azalduko ditue: Batzarretxea, Korregidorearen Etxea, Batzarkideen Ostatua eta Aingeru Zaintzailearen baseleizea, baita goi-lautadea kostaldeagaz lotzen eban errege galtzadea be.

Babes-neurriak gordeteko, bisitak 20 laguneko talde txikietan eta www.enkarterrimuseoa.eus webgunean eskatu ahal izango dan aurreko hitzorduagaz egingo dira.

Museoak datorren zapatuan, zezeilaren 12an, Abellanedako monumentu moltsoak, altxorrak erakusteko dobako bisita programeari ekingo deutso barriro. Taldeak 20 personakoak izango dira eta ordutegiak luzatu egingo dira eskariaren arabera.

Bisitariak Abellanedaren jatorriaren eta leku horretan biztanleak ezarteko prozesuaren faseen ganeko azalpenak jasoko ditu. Abellaneda familiaren sustraietan sakonduko da. XI. mendetik inguru horretan bizi izan zan nobleziako familiak Enkarterriko Batzar Nagusiak bultzatu zituan. Ibilbidean errege galtzadara hurreratzeko tartetxo bat be egongo da. Eskualdeko merkataritzako ardatza, biztanle kopuruaren hazkundea bultzatu eban elementu nagusia izan zan. Erdi Aroan Abellanedan izan ziran jazoera nagusiak aztertu ostean Aro Modernora helduko gara. Sasoi horretan eregi ziran moltso monumentaleko eraikin enblematikoenak.

Bisitea, segurtasunezko neurri guztiak jarraituta egingo da (talde txikia, maskare eta partaideen artean gorde beharreko gitxieneko segurtasunezko tartea gordez) eta beharrezkoa izango da aurretik izena emotea museoaren www.enkarterrimuseoa.eus webgunearen bitartez. Topagunea Abellanedako (Sopuerta) Enkarterri Museoa izango da eta daborduko data bi ezarri dira: zapatua, zezeilak 12 eta domekea, zezeilak 27. Bisitak, goizeko 12:00etan hasiko dira eta 45 minutukoak izango dira. Jarduerea egiteko beharrezkoa izango da gitxieneko partaide kopuru jakin bat egotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu