Neguko Santutxu Kolorea zikloa asteon

Bizkaie! 2022-02-07 09:43   Kulturea

Ikus-entzunezkoak, tailerrak eta erromeria dagoz egitarauan.

Santutxu Kolorea izeneko programarako motorrak berotzen hasteko, Bilboko Udalak Neguko Santutxu Kolorea dalakoa dakar asteon Bilboko auzo horretara, Gaztedi Jantzari Taldeagaz alkarlanean. Hilaren 11tik 13ra, euskal folkloreagaz eta jantzakaz lotutako hainbat jarduera atondu ditue.

Zikloari ekiteko, Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna dokumentala ikus ahal izango da Santutxuko Udaltegian, barikuan, 19:00etan. Sartzea doban da. Jone Guenetxeak eta Carlos Iglesiasek zuzendutako film horretan, Iurretako tradizinoetan emakumeek be parte hartu ahal izan deien egin dan lana erakusten da.

Izan be, ehun urte baino gehiagoko tradizinoaren kontra, 2018ko jaietan, gizon-emakumeen talde batek urten eban Iurretako Aita San Migel plazara jantzan. Harrezkero, emakumeek gero eta leku zabalagoa hartu dabe herriko ohituretan, esate baterako, 2019ko Urrijenan talde mistoa egon zan lehenengoz. 

Plazan egiten diran entseguak, prestakuntzak eta emozinoak dira dokumentalaren haria. Era berean, beste talde batzuetako jantzarien, ikertzaileen eta jantzeagaz lotuta dagozan beste persona batzuen testigantzak be batu ditue Guenetxeak eta Iglesiasek.

Zapatuan, hilak 12, Santutxu auzoaren albo-alboan dagoan Begoñako Udaltegian, buruhandiak egiteko tailerrak egongo dira umeentzat. Dobakoak diran arren, izena emon behar da aurretiaz, gaztedi@gaztedi.net helbidera idatzita. Txanda bi antolatu ditue, 10:00etan eta 12:00etan, eta bost urtetik gorakoek hartu leikie parte. Gaztedi taldeko kideek gidatuko ditue tailerrok.

Zikloa amaitzeko, domekan, erraldoien kalejirea egingo dabe Santutxuko kaleetan, 12:00etan Karmelo plazan hasita. Bezperako tailerretsn egindako buruhandiak ikusi ahal izango dira, besteak beste. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu