Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna sortu dabe
2022-02-04 13:37 KultureaLau hizkuntza ditu: euskerea, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
Hastapeneko fasean bada be, dagoeneko martxan dago Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna, IDE, mundu digitalean euskerazko terminologia batu eta zabaltzeko orduan egon dan hutsunea beteteko asmoz. Elhuyar eta Azkue fundazinoek jarri dabe martxan, eta Euskaltel eta Puntueus be badabiz proiektuan. Lau erakundeotako ordezkariek Bilboko Euskerearen Etxean egindako batzarrean azaldu dabe zertan dan hiztegia.
Azken urteotan bilakaera bizkorra izan dau ingurune digitalak, gero eta presentzia zabalagoa dau arlo profesional zein personalean. Normala dan lez, zalantzak eta beharrak sarri agertzen dira hizkuntzearen erabilereari jagokonez be, eta horreei erantzutera dator IDE, terminologiaren alorrean behinik behin.
Hainbat berba eta kontzeptu batzen ditu hiztegiak, erabilerea zabaldu eta normalizetako asmoz. Gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokideak daukaz bakotxak. Era horretara, ingurune digitalean dabizanentzat tresna lagungarria da: hezkuntzan, lanean, itzulpengintzan edo testuak sortzen, esate baterako.
Hiztegiaren lehen bersinoa dagoeneko erabilgarri dago ide.eus webgunean. Lau hizkuntzatan kontzeptuen izenak eta euskerazko definizinoa emoteaz gan, ilustrazinoz hornidu dabe IDE. Beste baliabide interesgarri batzuetarako loturak be topauko ditu erabiltzaileak, adibidez, Wikipediara, Euskara Batuaren Eskuliburura eta Elhuyar Hiztegira.
Momentuz, 106 kontzpetu dakarz IDEk, honako arloetan banatuta: Internet, informatikea, sare sozialak, telekomunikazinoak eta zibersegurtasuna. Aurten bertan beste 150 kontzeptu sartuko ditue, eta baita beste hiru arlo be (merkataritza digitala, marketin digitala eta bideojokoak).
Hiztegiaren bultzatzaileek adituen talde bat sortu dabe, proiektuari martxan eusteko eta edukiak osotzeko. Euskeraz teknologia barrietan eskarmentu zabala dabe danek, hona zerrendea: Aitzol Astigarraga (Wikilarien Alkartea), Sagra Crespo (Berritzegunea), Igor Leturia (Elhuyar), Urtzi Odriozola (Game Erauntsia/CodeSyntax), Leire Palacios (Puntueus), Olatz Perez de Viñaspre (IXA-EHU) eta Asier Sarasua (CodeSyntax).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!