Bilboko Konparsak prest dagoz 2022ko ospakizunei ekiteko

Bizkaie! 2022-02-04 12:48   Kulturea

Nagusia* egingo dogu! lemapean ibiliko dira urte osoan.

Nerea Matute eta Ioritz Varona, Hika Ateneoan (argazkia: Bilboko Konpartsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Konparsak alkarteak erabagi dau 2022a jai eta ospakizun ugariz betetea, aurreko urteetan pandemiak eragindako tristureari aurre egin eta ondo pasetako giroa sortzeko. Urteko hitzordu nagusien prestakuntzak aspaldi hasi zituen eta, osasun egoerea ikusita, egiteko moduan izango dirala aurreikusi dabe. Jakina, segurtasuna eta osasuna babesteko neurri bereziak hartuta.

Irribarreak, poztasuna eta jaiak berreskuratzeko urtea da aurtengoa, adierazo dabe Nerea Matutek eta Ioritz Varonak, konparsen bozeroaleek, Hika Ateneoan egindako agerraldian. Asmo hori gizarteratzeko, lelo deigarria be asmau dabe: Nagusia* egingo dogu!. Ekintza guztietan parte hartzeko deia egingo deutsie herritarrei lelo horren bidez.

Bilboko jai-urtea hile honen amaieran hasiko da, Aratusteetan. Egitarau zehatza ez dabe aurreratu, hori Jai Batzorde Mistoari jagokolako, baina badakigu Bilboko Konparsek Aratusteetako X. Kopla Lehiaketea antolatuko dabena. 

Handik aste batzuetara, 22. Korrika pasauko da Bilbotik, apirilaren 6an, hain zuzen. Bilboko Konparsek erabagi dabe modu aktiboan bat egitea euskerearen aldeko ekimenagaz. Uriko kaleetan kilometroak egitera animau ditue herritarrak, eta konparsakideek eurek lekukoa eroango dabe tarte batean. 

Bagilaren 11n, ostera, bizimodu osasuntsuaren eta Bolintxuko gune naturala babestearen aldeko aldarriek bat egingo dabe, Txosnaganeko mendi-ibilbide neurtuan. Klasiko bihurtzen hasi da txango hori, bagilaren 23an helduko diran San Juan bezperako ospakizunen moduan. 

Ondoren, Aste Nagusiko giroa agertzen hasiko da Bilbon, eta Konparsak jaiaren erdigunean izango dira beste behin. Lehenik eta behin, garagarrilaren 16an, Konparsakide Eguna egingo dabe. Gero, abuztuaren 20tik 26ra, Aste Nagusia dator. Benetan nagusia izango da aurtengoa, konparsek agindu dabenez. 

Abuzturako urte erdia falta da eta ez dago jakiterik osasun egoerea zelakoa izango dan. Horregaitik, ezin izan dabe aurreratu aurtengo Aste Nagusiaren formatu zehatza, Jai Batzorde Mistoan adostu beharreko kontua izango da hori. Ahalik eta egitaraurik osoena eta seguruena atontzea da Konparsen asmoa. 

Kontuak kontu, Konparsen arabera, egutegi oparoa izango da hurrengo hileotakoa eta gure asmo sendoa da aurtengoa handia, itzela, benetan nagusia izatea. Bilbotarrek behar eta merezi dabena hori dala uste dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu