Elkanoren mundu birea gogoratzeko egitaraua, azken txanpan
2022-02-03 11:03 KultureaKostaldetik itsas eta kultur zeharkaldia hasiko da maiatzean.
Juan Sebastian Elkanok eta haren agindupeko itsasgizonek 1522ko irailean amaitu eben historiako lehenengo mundu birea. Hortaz, mugarri haren bosgarren mendeurrena gogoratzeko ekitaldien azken urtea izango da 2022a, Elkano Fundazinoak azaldu dauenez. Azken txanparako egitarau betea atondu dabe.
Elkanoren bidaiaren testuingurua gizarteratzea izango da azken urteko programearen helburua, fundazinoko zuzendari Ion Irurzunek azaldu dauenez. Aurreko urteetan egin dogun lan guztiagaz, hau da, lan akademikoagaz, eztabaidakaz eta hausnarketa-guneakaz, kultura eta dibulgazio proiektuak gauzatuko doguz. Orain hobeto dakigu nor zan Elkano, baita garai haretako Euskal Herria zelakoa zan be, hobeto ulertzen dogu zelan eta zergaitik lortu eban munduari bira emotea.
Ion Irurzunegaz batera, egitaraua aurkezteko ekitaldian egon dira Haritz Alberdi fundazinoko presidente eta Getariako alkatea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Lourdes Salsamendi Urola Kostako Mankomunidadeko presidentea; eta Aitor Urresti Getariako zinegotzia.
Aurreko urteetan egindakoaren bidean, aurten be sormenezko jarduerak, akademikoak eta dibulgazinokoak buztartuko dituela aurreratu dabe. Euskal Herriko eragileakaz ez eze, Txile eta Argentinako batzukaz be lankidetzan diseinau dabe programazinoa.
Urteko ekitaldi nagusietako bat izango da itsas zeharkaldi bat euskal kostaldetik, dibulgatiboa eta ibiltaria. Maiatzean hasita, egitasmoagaz bat egin daben kostaldeko herriak zeharkatuko ditue, Euskal Herriak itsasoagaz dauen loturea azpimarratzeko.
Bestetik, 2022an argitalpen batzuk plazaratzeko asmoa be badago. Euskal ikuspegitik, lehenengo mundu birea azalduko deutsie belaunaldi barriei. Aurreikusitako liburuak honeek dira: Elkanoren Getariari buruzko bidaia-koadernoa, Arturo Redondo ilustratzailearen eskutik; 5W aldizkariagaz alkarlanean egindako azterlana, egungo munduaren eta orain dala 500 urtekoaren arteko antzekotasunez; Ander Izagirre kazetari eta idazlearen liburua, Euskal Herri itsastarra deskubritzeko bizikletaz egindako ibilbidearen ingurukoa; eta, azkenik, autore ezagun batek euskeraz pentsau eta idatzitako liburu bat.
Alor akademikoan, Elkanoren mundu birea barriro izango da EHUren Udako Ikastaroetan protagonista. Urrian, ostera, Elkano 22. Historia inguratuz nazinoarteko kongresua egingo dabe, bost saiotan banatuta eta ospe handiko ikertzaile eta adituak tartean dirala.
Bosgarren mendeurreneko ekitaldiak amaitzeko gitxi falta dan ezkero, Elkano Fundazinoak balantzea egin dau, Ion Irurzunen ahotik: Pozik gagoz egindako lanagaz, batez be gai izan garelako hiru ardatz erdigunean izateko: ezagutzea sortzea, zabaltzea eta lankidetza-sareak sortzea. Pozgarria da, batez be, azken alderdi horretan lortutakoa; izan be, hiru laguneko talde bategaz nekez egingo genduzan hainbeste gauza, baldin eta abentura honetan lagundu nahi izan deuskuen hemengo zein nazinoarteko eragile guztiakaitik izan ez balitz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!