Programazinoa, telematikea eta jantzea, liburu bakarrean buztartuta

Bizkaie! 2022-02-03 09:48   Kulturea

Iñaki Goirizelaia eta Maider Huarte dira egileak.

IƱaki Goirizelaia eta Maider Uharte (argazkia: Jorge Navarro/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Itxura batean, lotura handirik ez dabe programazino informatikoak, telematikeak eta jantzeak, baina uste baino hurrago dagozala nabarmendu dabe EHUko irakasle Iñaki Goirizelaia eta Maider Huartek. Holan erakutsi dabe Sareetan zehar dantzan Java erabiliz liburuan. 

Berez, objektuetan oinarritutako programazinoa ikasten dabizanei laguntzeko liburua da, oinarrizko kontzeptuak zehatz-mehatz azalduta. Baina, kontzeptu konplexuak azaltzeko eta adibideak jarteko, jantzara jotea pentsau dabe egileek. 

Eskoletan Java programazinoa erakusten nebanean, jantza adibideak erabilten nebazan, esaterako, jantza talde baten kudeaketea. Hortik atera neban idea, azaldu dau Goirizelaiak. Labur esanda, kontzeptu konplexuok irakasteko erabiliko diran adibideetan, euskal jantzak aitatuko doguz, jantzeei buruzko azalpen laburrez eta ilustrazino ederrez gozetako aukerea izango dau irakurleak.

Gogoan izan behar da, Gauzen Internetek ikaragarrizko bilakaerea izan dauela azken urteotan. Egunetik egunera Java erabiltzen daben produktuak sortzen dira. Gauzen Interneten aplikazinoak ingurune banatuetan agertzen dira, hau da, edozein lekutan eta sarearen bidez konektauta dagozan gailuetan. Horregaitik, ikasleek beharrezkoak ditue gaia lantzen daben testuliburuak. Modu autodidaktan ikasi nahi dabenentzat be aproposa da Goirizelaia eta Huarteren lana.

Teknologiak eta kultureak eskutik joan behar dabe. Ez dago beste aukerarik: Euskal Herriak ikerketan oinarritutako barrikuntza eta teknologia barriak sortu behar ditu, baina ahaztu barik gure kulturea aurrera egiteko ezinbesteko tresnea dala. Teknologian eta gure kulturan oinarrituz, etorkizun hobea eregiteko aukera parebakoa dogu, adierazo dau Goirizelaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu