Agur Pello Zabalari
2022-02-03 08:03 KultureaAbade, idazle, euskaltzale eta musikearen dibulgatzaile izan zan, besteak beste.
Arantzazuko santutegia izan zan Pello Zabalaren bizitzearen ardatza umetan hara joan zanetik, eta hantxe hil da, 78 urtegaz. Abade frantziskotarra izateaz gan, euskaldun askoren erreferente eta bidelagun zan, landu zituan alor ugariei esker: batzuek eguraldiaren barri emoteagaitik ezagutzen eben, beste batzuek euskereari egindako ekarpenagaitik...
Amezketan jaio zan Zabala, 1943an, eta hamar urtegaz joan zan Arantzazura. 1958an egin zan fraile. Ikasketaz, Teologian zein Filosofian lizentziadua zan, baina musikan be formakuntza handia eukan, zaletasun ikaragarriaz gan. Arantzazun bertan organista izan zan denpora batez, eta mezatarako pieza batzuk be sortu zituan.
Metereologia zan Zabalaren beste zaletasunetako bat. Herri-jakintzearen eta tenporen ingurukoak buztartu zituan ohiko metodoakaz, eta haren datu zein iragarpenak ezagunak egin ziran irratiko uhinen bidez.
Komunikabideetan sarri parte hartu eban, eguraldiaren tarteaz aparte. Batetik, Euskadi Irratian, Klasikoak gaur aurkeztu eban, musika klasikoaren inguruko euskerazko saioa. Bestetik, artikuluak eta gogoetak idazten kolaborau eban medio askotan.
Liburu bi be argitaratu zituan: Naturaren mintzoa: egunez egun, sasoien gurpilean (2000); eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira (2005).
Pello Zabalaren omenezko hiletea gaur, hilak 3, egingo dabe, 17:00etan, Arantzazuko santutegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!