Feminismoaren oraintsuko historia ezagutu leiteke EHUn

Bizkaie! 2022-02-02 11:07   Kulturea

Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadean dago erakusketea, martiaren 31ra arte.

Erakusketearen zati bat (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Feminismoaren historia luzeari osotasunean begiratu beharrean, azken urteotako bilakaeran oinarritu da UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadea, Zutik, zutik, zutik. Bizkaiko mobimentu feministearen historia eta memoria izeneko erakusketea atontzeko, 1968tik 1994ra artekoan batez be. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dau ekimenak. Martiaren 31ra arte ikusi leiteke, fakultadean bertan. 

1960ko hamarkadearen amaieran hasita, Bizkaian mobimentu feministeak egin dauen bidea era askotako materialen bidez jorratzen da erakusketan. Agiri grafikoak zein idatzizkoak batu ditue. Horreen bidez ezagutuko doguz bardintasunaren aldeko burrukan erabilitako pegatina, kartel, pankarta, liburu, akta eta abarrak. Manifestazino eta aldarrikapenen aitamenak be badagoz. Edozelan be, agiri guztiak jatorrizkoen kopiak dirala ohartarazo dabe. 

Funts pribadu askoren ekarpenari esker batu ahal izan da erakusketarako materiala. Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino Zentroaren laguntzinoa nabarmendu dau EHUk. Hain burruka luzea eta askotarikoa erakusketa bakarrean laburtzea gatxa danez, Bizkaiko feminismoan mugarri izan ziran jazoera batzuk dira oinarria. 

Mende lauren baino gehiago pasau zan 1968tik 1994ra, baina ezaugarri jakin batzuek emoten deutsie batasuna sasoi hari: orduan hasi zan feminismoaren bigarren olatua dalakoa, ezinegonaren eta itzartzearen urteak izan ziran, eztanda politikoarena eta mobimentuaren lehenengo egituratzearena. 

Mercedes Arbaiza irakaslea da erakusketako komisarioa. EHUren Experiencia Moderna ikerketa taldeagaz lankidetzan ibili da, La Prodigiosa Agencia da produktorea eta dokumentazinoaz Maialen Aranguren arduratu da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu