Nobedade ugari 45. Eibarko Antzerki Jardunaldietan

Bizkaie! 2022-02-02 08:47   Kulturea

Zezeilaren 22tik apirilaren 1era egingo ditue.

Eibarko Antzerki Jardunaldien 45. edizinoa aurkeztu dau Udalak, Jon Iraola alkatearen eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziaren eskutik. Ekitaldian izan dira, ganera, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleria eta Narruzko Zezen taldeko ordezkariak. 

Zezeilaren 22tik apirilaren 1era egingo ditue jardunaldiak aurten, eta 160.000 euroko aurrekontua izango dabe. Aire zabaleko jarduera bat izan ezik, saio guztiak Coliseo Antzokian izango dira, modu horretara errazagoa izango dalako Covid-19aren kontrako neurriak hartzea.

Antzerkigintzeak azkenaldion ekarri dituan barritasun ugari ikusi ahal izango dira Eibarren, esate baterako, Magallanes eta Elkano tragikomedia, zezeilaren 24an (19:00). Pedro Diogo eta Nuria Cuadrado dira sorkuntza kolektiboko obra honetako protagonistak eta, Eibarko Jardunaldietako arduradunen arabera, hainbat kulturaren alkarbizitzea, kode eta hizkuntza globalak eta leku ezezagunetara egindako bidaietatik geratu jakun identidadea aztertzen ditu.

Txalo Produkzinoak konpainiaren obra barria, Lehendakari gaia, be Eibarren izango da, zezeilaren 28ko eta martiaren 2ko saio bietan. Ramon Madalularen komedia euskeraz ikusi ahal izango da, Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean eta oholtzan Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreak dirala. 

Aurtengo edizinoan Eibarrera datozan beste lanak honeek dira:  El viaje a ninguna parte, Teatro Fernán Gómez eta Teatro Arriaga; La verdadera historia de la muerte de Francisco Franco, Laura Ortegak zuzendua; Zintzilik musikala; Lof ladies on fight, Eva Guerrerok zuzenduta; Ama, Marie de Jongh; Tarara, Hika Teatroa; Golf, Jose Padillarena; Ícaro musikala; La panadera, Producciones Iria; Celestina infernal, Fernando Rojasen liburuan oinarritua; Una noche con ella komedia; Aquiles, LA FAM Teatrea; Semea pixka bat motelago dabil soilik, Tanttaka Teatroa; Fake Trampantojo, Erre Produkzioak; Burdina/Hierrro,  Adriana Bilbao eta Beñat Achiary; Cómicas komedia; Los secuestradores del lago Chiemsee, Alberto Iglesiasek idatzia;, Conversaciones, igaz hildako Rosa Martínez-Alcocer aktore eibartarrari egindako omenaldi-berbaldia; Don Gil de Olmedo es sueño, Lagartolagarto y Zazurzca; eta El parke del crepúskulo tragikomedia.

Lehenengo ekitaldia, baina, berbaldi bat izango da. Hilaren 22an, 19:00etan, Ramon Barea eta Mikel Losadaren arteko barriketaldia atondu dabe, Irene Hernando aurkezle dala. El veneno del teatro izenburupean, antzerkigintzan egin daben bide luzeaz egingo dabe berba. 

Programazinoa hemen (PDF).

Sarrerak erosteko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da, zezeilaren 2an eta 3an, Coliseo Antzokian bertan. Behin hitzorduak banatuta, 5ean, 6an eta 7an joan beharko dau publikoak gustuko ikuskizunerako txartelen bila. Online erosteko epea, ostera, 5ean hasiko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu