Lau ikuskizun, Errekaldeko X. Umorezko Antzerki Erakustaldian
2022-02-01 12:20 KultureaEguenetan izango dira saioak, zezeilaren 10ean hasita.
Euskal konpainiak izango dira protagonista Bilboko Errekalde auzoan, zezeilaren 10ean hasi eta lau eguenetan. Izan be, badator X. Umorezko Antzerki Erakustaldia, urtero lez, arte eszenikoen bidez auzotarrei eta ingurukoei aisialdirako eta ondo pasetako aukerea emoteko. Errekaldeko Udaltegian izango dira saio guztiak, 19:00etan.
Bilboko Udalak azaldu dauenez, aurtengo edizinoan helduentzako lau ikuskizun ikusi ahal izango dira Errekalden, beste horrenbeste talderenak. Ganera, hilaren 23an, eguaztena, Ikusle Kluba egingo dabe, EHAZE alkarteak antolatuta. Euskerazko antzerkigintzea aztertzea eta horretaz gogoetea egitea dira topaketearen helburuak.
Lehenengo saioa, zezeilaren 10ekoa, La Cuerda Teatroren El baile de las moscas izango da. Zahartzaroaren, konpromisoen eta jagotearen inguruko komedia baltz honetan, bizilagun komunidade bateko kideak dira protagonistak. Hildako bat agertu dala eta, batu egin dira, baina ez dabe errealidadea ikusi nahi.
Hilaren 17an, ostera, Kolectivo Monstrenko izango dogu oholtzan, Espejismos (el lado épico) obrea aurkezten. Umore zentzubakodun ikuskizun poetikoa dogu, bi izakik eta gidoilari batek atondutako musikal absurdua, bero-kolpe baten ondorioz sortua.
Euskerazko antzerkigintzeaz gozau ahal izango da 24an. Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa konpainiek bat egingo dabe Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obran. Hiru emakume oholtzan, euren egunerokoaz berbetan, baina zalantzak agertzen dira: ba ete dakie euren bizitzea beste batek kontau dauela? Zein begiradak sortu ditu emakumeok? Nork idazten dau historia?
Bezperako Ikusle Klubean obra horren nondik norakoak jorratuko ditue. Ganera, 24an, saioaren ostean, mahai-ingurua egongo da.
Azkenik, martiaren 3an, Legaleón-T eta Kolectivo Monstrenkoren Ba al dago norbait hor? ikusi ahal izango da. 2018ko BAD jaialdian estreinautako obra hau bizi gaituanari buruzkoa da, denporeari, galderei, berbei buruzkoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!