Ángel Gallok irabazi dau XXXIII. Alberto Magno Saria

Bizkaie! 2022-02-01 10:36   Kulturea

Zientzia fikzinozko kontakizunen lehiaketea da. 

Ángel Gallo (argazkia: Jorge Navarro/EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zientzia, teknologia eta sormen literarioa buztartzen ditu Alberto Magno lehiaketa beteranoak, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultadea antolatzaile dala. Izatez, zientzia fikzinozko kontakizunen sariketea da, eta mundu zabaleko idazleek hartzen dabe parte. Aurten, 33. edizinoan, sari nagusia ez da urrunera joan, Zumaiako Ángel Gallok irabazi dau eta. 

Azkarbidea izeneko kontakizunari esker irabazi dau Gallok. 2013tik, lanak hizkuntzearen arabera bereizten ez diranetik, lehenengo saria eskuratzen dauen euskerazko lehenengo narrazinoa da Azkarbidea. Danetara, 107 parte-hartzaile egon dirala kontuan izan behar da, munduko 16 herrialdetakoak: Alemania, Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, El Salvador, Espainia, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Peru, Errusia, Uruguai, AEB eta Venezuela.

Sari nagusia irabazi dauenez, 2.000 euro eroan ditu Gallok. Bigarren saria, 1.000 eurokoa, Salamancako Beatriz García Sánchezentzat izan da, Spolia lanagaitik. Azkenik, hirugarren finalistea Sara Sacristán Horcajada madrildarra izan da, La Singularidad kontakizunagaitik. 

Giro akademiko zein literarioan entzute handiko lehiaketea da Alberto Magno. 1989an lehenengoz emon ebenetik, ehun saritu baino gehiago egon dira eta autore ospetsuek hartu dabe parte. Esate baterako, irabazleen zerrendan dagoz Xabier Kintana, Iban Zaldua eta Inaki Irazabalbeitia, euskerazko literaturan zein euskalgintzan ibilbide oparodunak. EHUko kide batzuk be badagoz irabazleen artean, esate baterako, Felix Goñi eta Gotzone Barandika. 

Saria irabaztea berezia izan da Ángel Gallorentzat. Edizinoak eta edizinoak pilotzen dituan lehiaketa ospetsua izanik, lanen kalidadea eta aurretik irabazi dabenen izenen argitan, eta herrialde anitzetik heldutako narrazinoak dagozala kontuan hartuta, ikaragarri poztu nau. Are gehiago euskeraz idatzitako lan bat izanik! Zinez, sekulako poztasuna sortzen deust.

Lanbidez injinerua eta injinerutza irakaslea da Gallo, Mondragon Unibersidadean. Literaturan be ibilbide oparoa dau, baina. Sariak irabazi izan ditu eta lau liburu be baditu argitaratuta. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu