Zezeila izango da aurten Bertsoaren aroa Iruñean

Bizkaie! 2022-02-01 09:49   Bertsolaritzea

Zezeilaren 10etik 24ra egingo da.

Nafarroako Bertsolari Txapelketea udagoienean jokatzeak Bertsoaroa zikloa egutegian mobidutea ekarri dau. Uriari egiten jakon bertsolaritza eskaintza orekatu nahi izan dabe holan atontzaileek, Nafarroako Bertsozale Alkarteak eta Iruñeko Udalak. Zezeilaren 10etik 24ra egingo da, beraz, Bertsoaroaren 31.ediznioa.

Momentuan momentuko bertsolaritzearen barri kalidadez eta aniztasunez emotea dau helburu aurtengo Bertsoaroak be. Sei saio izango dira guztira: hiru bertso jaialdi, eRRe eta Bederatzikoa saio bereziak eta Bertso jasa, bat-bateko jolasa umeentzako tailerra. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa emon gura izan deutse atontzaileek.

Antzerki Eskolan egingo diran hiru saioek bosna euroko sarrerea izango dabe eta hiruentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 euroan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). Bertso jasa tailerrerako izena emon beharko da aurrez, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita. Beste saio biek sarrera librea izango dabe, aforoa bete arte.

Danetara, sei saio

Bertsoaroaren 31. aldia lehen mailako bertso jaialdi bategaz hasiko da. Alaitz Rekondo arduratu da gaiak atontzeaz eta kantari ibiliko diran sei bertsolariak erabagiteaz. Oholtza berean batuko dira hainbat ibilbide eta herrialdetako bertsolariak, tartean, lau txapeldun eta danen artean egingo dabe egungo bertsolaritzearen erretratua. Zezeilaren 10ean izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00retan.

Zezeilaren 15ean, leku eta ordu berean, eRRe saioak hartuko dau lekukoa. Jendartea zatitzen daben dikotomiak eta etiketak abiapuntu hartuta, aitatu dualismoetan hausturak proponiduten ditu eRRek. Dramatizautako bertso-papelak izango dira ardatz eta antzerkiaz gan, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak be badabe lekua. Zezeilaren 5ean estreinauko da lana Durangon eta bigarren saioa izango da Iruñekoa.

Aurten be bertsolari gazteen saioa jasoko dau zikloak eta zezeilaren 17an izango da, Katakraken. Urteak badira Bertsoaroak leku egiten deutsela bertsolari gazteei be; aurten be helduko jako horri, bertsolaritzearen oraina eta etorkizun diran horreei plazan trebatzen eta kantetan segiduteko aukerea emonez.

Txikienek be izango dabe euren lekua Bertsoaroan. Aurreko urteetan lez, Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra eskainiko da, zezeilaren 19an, zapatuan, Txantreako Salestarretan. Ume eta gaztetxuak protagonista, publikoari zuzendutako bertso-saioak dira. Umeek olgeta eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proponiduten joango dira eta, modu horretan, bertso saioa egingo dabe bertsolari gonbidatubi. 8 eta 12 urte arteko umeei eskaini jake tailerra, eta izena emotea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita, zezeilaren 17a baino lehen.

Zezeilaren 22an, Bederatzikoa izeneko ikuskizun berezia eskainiko da, Kondestable Civivoxeko areto nagusian. Obrak bederatzi sinfoniaren Beethovenen obrea eta bizitzeari egiten deutso errepasoa, bertsolaritzeak berezkoa dauen bederatzi puntuko neurriari be erreferentzia eginez eta neurri horretan kantautako bertso antologikoak publiko aurrera ekarriz. Bertsoa eta pianoaren musikea nahastauko dira, beraz, oholtza berean.

Zezeilaren 24an amaituko da aurtengo Bertsoaroa eta bertso jaialdi batek jarriko dau amaierea. Oholtzan izango dira puntako bertsolariak, ibilbide luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Tartean, Nafarroako azken txapelketako txapeldun eta txapeldunordea. Danen artean, egungo bertsolaritzearen barri eskainiko dabe, ziklo osoari amaiera biribila jarriko deutson ikuskizunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu