Artista garaikideen 49 artelan aurkeztu ditu Artiumek

Bizkaie! 2022-01-31 13:57   Kulturea

EAEko beste museo batzukaz alkarlanean erosi ditue.

Jaurlaritzako eta museoetako arduradunak, Artiumen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak emondako 150.000 euroko diru-laguntzino berezia erabilita, gaur egun bizirik dagozan euskal artisten 49 obra erosi ditu Gasteizko Artium Museoak. Jentaurrean aurkeztu ditue obra barriak, Bingen Zupiria sailburua, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez eta Artiumeko zuzendari Beatriz Herraez bertan dirala.

Bilboko Arte Eder Museoko Miguel Zugazak eta Donostiako Tabakalerako Edurne Ormazabalek be hartu dabe parte ekitaldian. Izan be, obrak erosteko prozesuan lagundu dabe horreek zentro biek, EAEko kulturguneen arteko alkarlana eta koordinazinoa helburu dituan proiektua dalako. 

Erositako 49 artelanek hamabost egilerenak dira, horreetatik zazpi emakumeak, beste zazpi gizonak eta taldean egindako lana da beste bat. Honeek dira: Raisa Álava, Malús Arbide, Manu Arregui, Juana Cima, Patxi Cobo, Detritus, Raúl Domínguez, Iñaki Garmendia, Iñaki Gracenea, Asunción Goikoetxea, Kimia Kamvari/Nader Koochaki, Gala Knörr, Erlea Maneros Zabala, Merche Olabe eta Manu Uranga. Pinturak, argazkiak, eskulturak, collageak, bideoak, instalazinoak, marrazkiak eta obra grafikoak dagoz erositako piezen artean.

Obrak aukeratzeko orduan, hainbat erespide erabili ditue hiru museoetako arduradunek, gaur egungo artearen ikuspegi ahalik eta zabalena emoteko asmoz. Belaunaldi bat baino gehiago kontuan hartu dabe, esate baterako. 

Artelan guztiak Artium Museoaren jaubetzapean gordeko dira, izakera publikoko ondare-funtsaren parte. EAEko beste museo batzukaz, batez be Bilboko Arte Ederrakaz eta Donostiako Tabakaleragaz, ondare hori konpartiduteko moduan atondu dabe bildumea. 

Bigarren aldiz erabili dabe era honetako ezohiko diru-laguntzino bat bizirik dagozan euskal artisten obrak erosteko. 2020an izan zan lehena eta orduan 24 artistaren (14 emakume, 9 gizon eta kolektibo bat) 34 lan eta edizino grafikoko 8 ale erosi zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu