Azken egunak 'Alice Neel: personak lehenbizi' ikusteko

Bizkaie! 2022-01-31 11:07   Kulturea

Bilbotik San Frantziskora eroango dabe orain erakusketea.

Ikusleak, Alice Neelen koadroei begira (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Domekan, zezeilaren 6an amaituko da Bilboko Guggenheim Museoak momentu honetan daukazan erakusketa handietatik bat, Alice Neel: personak lehenbizi hain zuzen. 2021eko irailetik egon da ikusgai, eta publikoaren zein kritikearen onespena izan dau. Azken egunen faltan, 215.000 lagun joan dira dagoeneko erakusketea ikusten.

Kritikeari jagokonez, batez be aldizkari espezializaduen aitamenak batu ditu han eta hemen. Urteko erakusketarik onenaren izendapena emon deutse Italiako ArtsLife, Britainia Handiko Apollo eta Estadu Batuetako Vulture komunikabideek. 

Alice Neel artista amerikarraren atzera-begirakoa da erakusketea. Haren ibilbide artistiko osoaren errepasoa egiten dau ehun pintura, akuarela eta marrazkiren bidez. Aitatzekoak dira gordintasun handiko erretratuak, zorroztasun psikologikoagaitik txalotuak.

New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-en erakutsi eben lehenengoz Alice Neel: personak lehenbizi. Ondoren, Bilboko Guggenheimera etorri zan, baina bidea ez dau hemen amaitu. Izan be, martian, Kaliforniako San Frantzisko uriko Fine Arts Museum-en ikusi ahal izango da.

Bien bitartean, Bilbon itxiko dauen lekua beste erakusketa batek beteko dau laster. Guggenheimek aurreratu dauenez, Jean Dubuffet: ospakizun bizia izeneko erakusketako obrak ipinteko lanak laster hasiko dira, eta zezeilaren 25ean zabalduko dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu