'Vuelta a los origenes (Azul Bilbao)' kartelak iragarriko ditu 2022ko Bilboko Aratusteak

Bizkaie! 2022-01-29 08:00   Pil-pilean

Jon González Ullibarrik eta Ainhoa Narvaezek egindakoa da.

Bilboko 2022ko Aratusteek badabe irudia, jaion izakera lotsabako eta herritarra erakusten dauena. Jon Gonzalez Ullibarriren eta Ainhoa Narvaezen Vuelta a los origenes (Azul Bilbao) da urteko jairik alaiena iragarriko dauen kartela, Bilbo ehunka mozorroz eta maskaraz jantziko dauena zezeilaren 24tik martiaren 1era. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak aurkeztu dau gaur kartela prentsaurrekoan eta ondoan izan ditu edizino honetako Kartel Lehiaketako epaimahaikideak.

Jon González Ullibarrik eta Ainhoa Narvaezek 2.000 euroko saria eskuratuko dabe 29 lanen artean, herritarrek emondako botoei esker (% 75) eta epaimahaiaren erabagiaren ondorioz (% 25a).

Herritarren parte-hartzea protagonista izan da aurten be. Danetara, 4.061 boto emon dira, bai modu presentzialean (Abandoko Udaltegian, Barrainkua kaleko 5ean), bai online (Bilboko Udalaren webgunean eta hedabide laguntzaileen bidez).

Sei Kartel finalista

Epaimahaiak sei kartel finalistak hautatu ditu, aurkeztutako 29 lanen artean. Diseinuak Euskal Heriko eta Estaduko hainbat lekutatik heldu dira: Gasteiz, Nafarroa, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Castelló, Palentzia eta Leonetik, Gehienak, baina, bertokoak dira, Bilbokoak eta Bizkaikoak.

Ondokoak izan dira epaimahakide: Itziar Urtasun Bilboko Jaietako Batzordeko presidentea eta Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzia; Asier Abaunza eta Asier González zinegotziak; Imanol González Bilboko Konparsen ordezkaria; Olga Zulueta BilbaoCentro dendarien alkarteko zuzendari artistikoa; José Félix Ruiz Bizkaiko Publizidade Agentzien presidentea; Rakel Casado Ros Agentziako Arte arloko zuzendaria; eta Irene Diaz Telebilbao kateko kazetari eta Radio Nervión Taldearen ordezkaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu