Ia miloe bat euro hartuko dabe 61 onuradunek 'Beste Bat Berritzen' deialdiaren barruan

Bizkaie! 2022-01-28 13:45   Kulturea

593.704 euro zuzeneko arteen programazinoa bultzatzeko izango dira.

Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkariak gaur kaleratu dau Beste Bat Berritzen deialdiaren ebazpena. Deialdia 2021eko urrian onartu zan Gobernu Kontseiluan eta arte biziak dinamizetako programa bat lantzea izan dau helburu.

Covid-19ak eragindako osasun egoereari aurre egiteko ez-ohiko laguntza deialdia izan da pandemiak erabateko eragina izan dauelako gure gizartearen esparru guztietan eta hartutako neurriek jarduera ekonomiko asko geldiarazotea edo moteltzea ekarri dauelako, tartean, zuzeneko arteen eta zinemearen sektoreko jarduerak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburua zuzeneko arteen eta zinemearen sektoreari laguntzea izan da.

2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehenengoan zuzeneko arteak erakusteko programak eta Europako eta/edo Latinamerikako zinemea erakusteko programak dira diruz lagunduko diranak.

Zuzeneko arteak

Zuzeneko arteak erakusketako 45 programa lagunduko dira 593.704 euro erabiliz. Gehienak, Euskadiko 31 udalek eskatutako dirulaguntzak dira eta, ganerakoak, 14, bestelako erakunde edo alkartek eskatutakoak. Dirulaguntzak jaso dituenek honako baldintza honeek bete behar izan ditu:

o Antzerkia, jantza, zirkua, bertsolaritzea eta musika erakusteko programak izatea.

o Programautako ikuskizunak eta kontzertuak euskal konpainienak edo profesionalenak izatea.

o Aurkeztutako programazino-proiektuak gitxienez 5 ikuskizun eta/edo kontzertu izan beharko ditu.

o Aurkeztutako ikuskizun eta kontzertu guztietatik ezingo da % 60tik gorakoa izan, musika-areto pribatuek izan ezik, horreek % 100eko musika-programazinoa landu ahal izango baitabe.

o Testu batean oinarrituta aurkeztutako ikuskizun eta kontzertu guztietatik, gitxienez % 60 euskeraz izango dira.

o Astelehenetik eguenera egongo dira programauta, 20.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako guneetan izan ezik; horereetan, asteko edozein egunetan programau ahal izango dabe.

o Urriaren 27tik 2022ko martiaren 31ra egin ahal izango da programazinoa.

o Kanpoan geratuko dira ekitaldi tradizionalei lotutakoak edo beste herri batzuetan antzezteko diseintuta ez dafozanak.

Onuradunek 5.000 eta 26.000 euro arteko laguntzak jasoko ditue.

Europako edo/eta Latinoamerikako zinemea erakusteko laguntzak

Beste Bat Berritzen deialdiaren barruan, Europako edo/eta Latinoamerikako zinemea erakusten daben 16 programa be lagundu dira 336.159 euro erabiliz. Eskatzaileek honako baldintza honeek bete behar izan ditue:

o Aurkeztutako programazino-proiektuak aretoko estreinaldiak diran edo estreinaldiaren ondorengo 4 asteetan programautako 10 film jaso beharko ditu gitxienez.

o Urriaren 27tik 2022ko martiaren 31ra egin beharko da programazinoa.

o Europar Batasuneko edo Latinoamerikako estaduren bateko nazionalidadea daben filmak baino ez dira kontuan hartuko.

Onuradunek 6.500 eta 25.000 euro arteko dirulaguntzak jasoko ditue.

Modalidade bietako onuradunek dirulaguntzearen % 40 berehala jasoko dabe, uizan be, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua pandemiaren kalteak arintzeko asmoz emoten diran laguntza honeek ahalik eta azkarren jasotea dalako; gainerako % 60a jarduerea egin dala egiaztatzean pagauko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu