Jose Antonio Sistiaga eta naturea, Donostiako Kutxa Kubo aretoan
2022-01-28 12:47 KultureaEhun artelan baino gehiago dagoz erakusketan, maiatzaren 22ra arte.
Euskal artisten artean ibilbide luzeena dauenetako bat da Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932), ia 80 urtekoa, eta hamarkada guztiotan beti egin izan deutsaz era guztietako erreferentziak natureari. Horregaitik, Kutxa Fundazinoaren Kubo aretoan ikusgai dagoan De rerum natura erakusketa zabalean, Sistiagaren obrearen eta naturearen arteko loturea da gai nagusia. Jean-Michel Bouhours da komisarioa eta maiatzaren 22ra arte bisitau ahal izango da.
Formatu ugari landu ditu Sistiagak bere ibilbide artistiko luzean: koadroak, lan grafikoak eta filmak. Horreen artetik ehun baino gehiago aukeratu ditue Kubo aretora eroateko, artistearen sasoi eta material guztien erakusgarri. Sei areto hartzen ditu erakusketeak, eta obrak hurrenkera kronologikoan ipini ditue.
Arte figuratiboaren eta abstraktuaren artean ibili izan dan artistea da Jose Antonio Sistiaga, batzuetan bataren alde, beste batzuetan bestearen alde. Figurearen absentzia, keinuak eta artistearen gorputza bera dira sormenerako elementuak hasikerako lanetan, baina, ondoren, arte figuratibora bueltau zan. Orduan ikusi zan Sistiagak marrazteko daukan trebetasun bikaina.
Erakusketako obrei esker, hobeto ulertu geinke paisajismotik eratorritako ibilbidea eta inpresionismoan oinarritutako estiloa; pixkanaka-pixkanaka, bide piktoriko barri bat bilatu eban margolariak: pintura purua, zalantzan jarteko, barriro be, errealidadea irudien bidez agertzearen printzipioa. Aldiz, goragoko adierazpentzat joten dau marraztearen ekintzea.
Hortaz, natureak dakarren inspirazino-iturritik urrundu beharrean, haren mekanismoetara jo eban inspirazino bila Sistiagak, eta naturearen azkenbakotasuna esplorau eban.
1968an, beste pausu bat egin eban artisteak, hau da, filmearen ganean marrazten hasi zan. Holan sortu eban kosmogonia personal, intuitibo eta guztiz irudimenezko bat, gogora ekarten dituana Unibersoaren zedarriak: gauza txikietatik (partikulak) handietara (izarrak, galaxiak…). Pinturearen bidez mobimentua erakusten betidanik ahalegintzen ibili zanez, ezusteko lagun bihurtu jakon Sistiagari makina zinematografikoa.
Kutxa Kubo aretoan egin dan aurkezpenean nabarmendu dabenez, Jose Antonio Sistiagaren obrearen irakurketa guztiz barri bat dakar erakusketeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!