Mendeurreneko ekitaldia egin dabe Bilboko Musika Konserbatorioan
2022-01-27 13:43 MusikeaJoaquin Achucarro pianista ezagunak errezitaldia emon dau.
1920ko urrian hasi zan martxan Bilboko Musika Konserbatorioa, Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren izena daroana. Orain arte, baina, ezin izan dabe mendeurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egin. Hori bai, goi mailako konbidaduak izan dira ospakizun atzeratuan.
Nazinoartean ibilbide distiratsua egin dauen Joaquin Achucarro pianistea, bera be Bilboko Konserbatorioko ikasle izandakoa, izan da ekitaldiko konbidadu nagusia. Dagoeneko 89 urte dituan arren, errezitaldi bikaina emon dau.
Erakunde publikoetako arduradunak be izan dira ospakizunean. Jaurlaritzearen izenean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jokin Bildarratz sailburua; Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendari nagusia Begoña de Ybarra; eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto. Euskal Herriko beste musika-eskola, orkestra eta abesbatza batzuetako ordezkariek be hartu dabe parte. Konserbatorioko zuzendari Maite Aurrekoetxeak egin deutse harrerea.
Achucarroren doinuez gozeteaz gan, ekitaldira joan diranek Ehuneko ehun eta bi dokumentalaren aurrerapen bat ikusi ahal izan dabe. Konserbatorioaren mendeurrenaren kontura egiten dabizan filma da, ehun urteko historia ez eze, ikasleek egiten daben ahalegina erakusteko helburuduna. Bestetik, Carmen Rodriguez Suso musikologoa liburu bat atontzen dabil. Mendeurrena ospatzeko ekitaldi gehiago egingo ditue martian: berbaldiak, kontzertuak, bisita gidatuak...
Juan Crisostomo Arriaga Musika Konserbatorioak Ibarrekolanda Plazan dau egoitzea 2006-2007 ikasturtetik. Aurten 475 ikasle dabiz, Oinarrizko mailan (8-12 urte) zein maila Profesionalean (12-18 urte). Ikasleon prestakuntzeaz 82 irakasle arduratzen dira, eta 26 musika-espezialidade emoten ditue.
1920ko urriaren 1ean zabaldu eben Bilboko Musika Konserbatorioa, Alkarte Filarmonikoak lagatako lokal baten, baina hurrengo urtean Santa Maria kaleko beste egoitza batera aldatu zan. Lekua txikiegia zanez, 1927-28 ikasturtetik Foru Aldundiak Diputazino kalean atondutako beste batera pasau zituen klaseak. Gaur egungo egoitzea 2006an estreinau eben.
Hasikeratik, konserbatorioak kalidade handiko musikariak hartu ditu. Esate baterako, Jesus Guridi 1942ra arte izan zan Organo eta Harmonia irakasle. Ikasle izandakoen artean dagoz Joaquin Achúcarro, Jesús Arambarri, Clara Bernal edo Félix Ayo. Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz lotura estua izan eban lehenengo urteetan, Armando Marsicken zubilanari esker.
Juan Crisostomo Arriagaren memoria zabaltzea da Bilboko Konserbatorioaren beste ezaugarri bat. 1956tik daroa konpositorearen izena, urte haretan bete ziralako Arriaga jaio zanetik 150 urte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!