Hainbat ekitaldi Elhuyarren 50. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2022-01-27 12:57   Kulturea

Oraingo lekukotzak eta oharrak gordeko ditue kutxa baten, 2072an zabaltzeko.

Zientziaren arloan hasi zan lanean Elhuyar 1972an, eta mende erdiko bidean alor ugaritara zabaldu dau bere jarduna: hizkuntzea, adimen artifiziala, aholkularitzea... Helburua garbia da, hau da, euskeratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta bardinzalea eregitea.

Aurten 50 urte beteko dituanez, Elhuyarrek jarduera piloa antolatzeko asmoa dau, orain arte egindakoa gogoratu eta aurrera begira indarra hartzeko. Hain zuzen be, urteurrenaren leloa 50 urte aurrerago izango da. Ospakizunetarako irudi barria be sortu dabe.

Ekitaldi guztiak lotuta egongo dira Elhuyarrek lantzen dituan eremuakaz: euskerearen erabilera bultzatzea gizartean eta lanean; gazteen artean zientzia sustatzea; adimen artifizialak dakarzan erronkak aztertzea; itzulpengintzea eta teknologia lotzea; bardintasunaren eta eraldaketa sozialaren alde egitea.

Horretarako, modu aktiboan hartuko dau parte UEUren zein EHUren udako ikastaroen zikloetan. Ganera, telebistan eta irratian saio bereziak egitea aurreikusi dabe, baita ikus-entzunezkoak sortu eta zabaltzea be. Elhuyar aldizkariak be ale berezia aterako dau urteurrenaren kontura.

Ekitaldi nagusia zemendian izango da, eta jai-giroko ikuskizuna izango dala aurreratu dabe. Elhuyarren komunidadearen parte diran kide, behargin, bazkide, harpidedun, babesle eta ganerakoek hartuko dabe parte, gizarteko eragileakaz batera.

Urteurreneko ekitaldi guztiak lotuko dituan elementua Elhuyar 50 kutxa dalakoa izango da, urtean zehar atondutako ekimen guztien lekukotza, objektu eta oharrak gordeko diran lekua. Aurrerapen zientifikoak, gogoetak, artelanak, barriak eta abar sartuko ditue, gaur egungo munduaren lekukotza lez. 2072. urtean zabalduko da barriro kutxea, hemendik 50 urtera. 

Zientzia euskeraz lantzeko asmoz, 1972an hasi ziran batzen Donostiako Injineruen Eskolako kide batzuk, eta ha izan zan Elhuyarren hazia. Unibersidadean gaztelaniaz ikasitakoa euskeraz ipinten hasi ziran, baina laster zabaldu eben euren jarduna. Kultur alkarte bihurtu ziran, eta 2002tik, fundazinoa da Elhuyar.

Mende erdian eten barik hazi dan proiektua da 1972an apaltasunez hasitakoa. Zientzia eta euskerea buztartzeko hasikerako asmoa ahaztu barik, gero eta alor gehiagotara heltzen joan da. Gaur egun, Usurbilen dau egoitza nagusia, eta beste egoitza txikiago bat Durangon. Ehun kide inguruko lantaldea da.

Euskerea modernidadera eroaten lagundu dau Elhuyarrek, fundazinoko kideek eurek aldarrikatu dabenez. Euskalgintzea zientziagaz eta teknologiagaz lotuz, sistema barritzaileak erabiliz, industriara eroanez. Aitzindaritzea, konpromisoa eta kalidade-bermea dira erakundearen ikur nagusiak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu