'Zientzia bada nesken kontua'

Bizkaie! 2022-01-27 08:04   Kulturea

Sano garrantzitsua da zientzian eta teknologian sarbide eta garapen profesional bardinzalea lortzea.

Hamazazpi euskal erakundek aurkeztu dabe urtez urte handituz doan Emakumeak Zientzian proiektua eta ekimenaren helburuak berretsi ditue: zientzian dabizen emakumeen lana ikusarazotea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diralako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hautatu deiezan sustatzea. Helburu horreek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu ditue Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna dala eta (zezeilaren 11n ospatzen da urtero) alkarregaz egingo dituen jardueren programea atontzeko.

Zezeilaren 11tik 18ra egingo dira Emakumeak Zientzian 2022 ekimenaren ekintzak Donostian. Jarduera ugari izango dira Zientzia bada nesken kontua mezua ahalik eta persona gehienei helarazoteko eta zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional bardinzalea lortzeak dauen garrantzia azpimarratzeko.

Atontzaileek adierazo ddabenez, edade guztietako jenteak izango dau ekimenean parte hartzeko aukerea: Familientzako Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan; altxorraren bila olgeta ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra olgetea eta Piztu! Emakumeon energia antzezlan dibertigarria eskainiko da. Nerabeentzako injinerutzea eta nanozientzia tailerrak, eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa-zentro bisitetako aukera izango dabe, baita irakasleentzako orientazino akademikoagaz lotutako saio berezia be, etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diran eredu errealak aurkezteko helburuari eutsiz. Emakume helduek kulturearen transmisinoan daben zeregina balioesteko, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak atondu ditue: Esperientziaren boterea izenburua dau ekintza horrek: zenbait esperimentu labur eta erraz helarazoko jakez, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibili daiten. Era berean, edozeinentzako saio berezi bat izango da Zinema eta Zientzia Zikloaren barruan. Gorilas en la Niebla filmaren lau proiekzino egingo dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

Bestalde, urtetik urtera errepetiduten dan Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. Gipuzkoako hainbat ikerketa-zentroetan lan egiten daben sei emakume igoko dira oholtzara euren ikerketei buruz berba egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, hareen bizitza eder eta ekarpen zientifikoen barri emonez.

Horrezaz gan, erakusketa bi be bisitau ahal izango dira, bat Eureka! Zientzia Museoan eta beste bat Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eraikin nagusian. Gainera, barrikuntza eta proba pilotu lez, Donostian, ekimen bat jarri dabe martxan, uriguneko saltoki batzuekaz alkarlanean, erakusleihoetan euren ibilbide bikainagaitik nabarmendutako emakumezko zientzialariak omentzeko. Elhuyar-egaz, Donostiako Sustapenagaz eta San Martin Auzoagaz batera egindako lanari esker lortu da ekimen hau.

Jarduera-programa osoa ikusgai dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean. Jarduerak aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira.

Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizinoan parte hartzen daben 17 erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira. Batasun hori posible izan da jentea batzeko bokazinogaz jaio zalako Emakumeak Zientzian proiektua. 2022rako, Emakumeak Zientzian proiektua atontzen daben erakundeak ondokoak dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Injinerutzako Tecnun-Eskolea, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Injineru Industrialen Alkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultadea, Gipuzkoako Injinerutza Eskola eta Kimika Fakultadea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.

Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Sustapenaren babesa jaso dau; baita honako erakunde eta organismo honeen laguntzea be: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazinoa (FECYT), Estaduko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmotekea eta Donostiako Nazinoarteko Zinemaldia eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea).

Aurrez aurreko jarduera guztiak behar diran osasun neurriakaz egingo dira eta horreetako batzuetan COVID txertaketa ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu