Jeff Koonsen 'Idi-bihotzak' maketa bihurtu dabe

Bizkaie! 2022-01-26 13:36   Kulturea

Guggenheim Museoan dagoan obrea itsuek be gozau ahal izango dabe.

'Idi-bihotzak' maketea; atzean dagoz beste maketak (argazkia: ONCE Euskadi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jeff Koons artistearen Idi-bihotzak eskulturea Bilboko Guggenheim Museoaren obra ikonikoetako bat da, uritarrentzat zein bisitarientzat ezaguna. Museoko obra enblematikoak itsuentzat egokitzeko bidean, Idi bihotzak-en zehaztasun handiko maketea aurkeztu dabe museoko arduradunek eta ONCEko kideek. Maketea ikututa, itsuek edo ikusmen urritasuna dabenek obrearen formez eta testurez gozau ahal izango dabe, beraz.

Tresna digitalak erabili ditue maketea egiteko. Jatorrizko eskulturearen gainazal leuna erreprodukzinoak be izan deian, leundutako altzairu herdoilgatxean egin dabe, hau da, Koonsek erabili eban material bera. Lehenik eta behin, eskulturearen bersino digital bat egin eben, 3D eskaner baten bidez. Ondoren, 3D inprimagailuaren zehaztasunari esker sortu dabe behin betiko maketea. Kolorea modu elektrokimikoan emon deutse, eta jatorrizkoak daukanaren moduko euskarrian ipini dabe azkenik.

Guggenheim Museoak era honetako bost maketa ditu dagoeneko. Jeff Koonsen Puppy eta Louise Bourgeoisen Ama izan ziran lehenengoak, eta, ondoren, eraikinaren beraren maketea egin eben. 2019an heldu zan Anish Kapoorren Zuhaitz garaia eta begia obrearen erreprodukzinoa. Orain, Jeff Koonsen beste bat, Idi-bihotzak, da bildumako bosgarrena. 

Bost maketak Museoko hezkuntza-gunean dagoz, eta braillezko kartelak eta testuak ditue ondoan, itsuei egokitutako deskribapen eta guzti. Testuok bisitariei emoten jaken entzuteko gidan sartuko ditue.

Guggenheim Museoak azaldu dauenez, maketa gehiago egitea da asmoa, itsuek ondare artistikoaz gozetako daben aukerea zabaltzen segitzeko. ONCEgaz aspaldi hasitako alkarlanari esker, ikusmen urritasuna dabenei laguntzeko ekimen gehiago be martxan ditu museoak, besteak beste, ikumenaren bidezko bisitak eta bildumearen inguruko materiala braillez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu